Ernesto Gascok gehiengoaren nahia errespetatzeko eskatu du

Autobus geltokia Atotxan egiten has daitezen mozioa aurkeztuko du PSE-EEk hurrengo osoko bilkuran

Demokraziaren oinarria gehiengoaren nahia errespetatzea dela dio Ernesto Gasco PSE-EEko bozeramaileak. Bilduri, beraz, gehiengoak diona aintzat hartzeko eskatu dio. «Ezker abertzaleak orain arte herriari ahotsa ematearen aldeko aldarria egin du, herriaren ahotsa, baina, ez da Bilduren ahotsa», adierazi du Gascok. Bilduri, beraz, orain arte erakutsi duen «demokraziaren aurkako harropuzkeria» albo batera uzteko eskatu dio. Bildu agintean dela autobus geltokiaren inguruko hiru mozio jarri dira mahai gainean eta « hiru aldietan 27 zinegotzitik 18k Atotxaren alde» egin dute», azaldu du. PSE-EEk, bada, laugarren mozio bat aurkeztuko du hurrengo osoko bilkuran, udal gobernuari eta alkateari Atotxan autobus geltokia egiten has daitezen eskatzeko.

Ernesto Gascok, bidenabar, Loiolako Erriberako autobus geltokiaren proiektua egiteko eguneratu gabeko azterketetan oinarritu direla aditzera eman du. Loiolako Erriberako proiektuaren arabera, autobus geltokia ez da lurpeko ura dagoen tokira iritsiko, beraz, ez da ur eremuaz babestuko duen hormigoizko hormarik eraiki behar. Gascok, ordea, baieztapen hori hankaz gora jarri du. Abiadura handiko trenaren lanak direla-eta jaurlaritzak egindako azterketa geologiko batzuk aintzat hartu ditu PSE-EEko ordezkariak eta itsasgorak edota itsas kolpe batek autobus geltokia pikutara bidaliko lukeela esan du. Loiolako Erriberan, hortaz, hormigoizko hormak egin beharko balira, azpiegitura bost milioi eurotan garestituko lukeela ohartarazi du.

«Mehatxua»

Gascok, era berean, Atotxako autobus geltokiaren proiektuak Donostiako Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren oniritzia duela berretsi du. Honenbestez, baldintzak betetzen ez dituela erakusteko Bilduk ingurumen azterketa bat eskatzeko izango lukeen asmoa «udal taldeen bozka baldintzatzeko egin nahi duten gorde antzeko mehatxua» dela adierazi du.

Hala eta guztiz ere, Gascok ez du uste ingurumen adierazpenak Atotxan autobus geltokia egitea baldintzatuko lukeenik; Okendoko aparkalekua handitzeko lanak aurrera ateratzeko «eragozpenik ez» zelako egon, gogora ekarri du. Atotxako geltokia eta Okendoko aparkalekua, biak ala biak, Urumea ibaiaren ondoan daudela eta bien egoera parekoa dela alderatu du.

HITZAkide HITZAkide