Misteriotsuak, arinak eta bakarrak
Plush lady izen orokorra jarri die Osesek bere panpinatxoei, baina bakoitzak berezko izena dauka ere, «bakarrak izatea» delako hauen ezaugarri nagusia. Endiablada, Aingeru, Birak, Atsuko… Izena ez ezik, janzkera, gorputza eta jarrera bakarrak dituzte. «Hauek sortzean, beraiek eskatzen dutena egiten joaten naiz, hasieratik azken puntadaraino».
Lugaritzeraino iritsi diren panpinatxoek hiru jatorri daukate. Batetik, dagoeneko salduta baina erakusketan jartzeko Osesengana itzuli direnak. Bestetik, egileak bere «bilduman gordeak». Azkenik, espresuki ekainaren 22a arte iraungo duen erakusketa honetarako prestatutakoak.
Erraza da jakitea zeintzuk diren azken horiek, beraien jaioteguna, edo azken puntadaren eguna, idatzita baitaukate bere ondoan. Hori ez da, ordea, lagungarri bakarra, hamarnaka panpinetatik gutxi batzuk argazkiek lagunduta iritsi baitira Antiguako kultur etxera.
Argazkiek oihalezko emakumeen bizitzako pasarteren bat argitzen dute, baina, Osesen asmoa ez da bere istorio osoa kontatzea. Lan hori ikusleari egokitu dio. «Pertsona hauen momentu bat erakusten dut, baina ikustera joaten denaren begiradak osatu behar du, nire helburua jendeak bere irudimenarekin nire proposamenari erantzutea da». Norberak ezaugarriak ezartzea, alegia.
Sotilak, arinak, bakarrak eta misteriotsuak; horrelakoak dira Osesen panpinatxoak lerro hauek sinatzen dituenarentzat. Eta zuk zeuk, irakurle, zein istorio ikusten diezu?