Zaleen berotasun nekaezina
Lagun Aro GBCrentzat bukatu da denboraldia, Valentziak ‘play off’etik kanporatu berri baitu; hala ere, espero gabeko markak gainditu ditu taldeak, eta jarraitzaileen babesa ez zaio falta izan.
Jon Txakartegi, Lagun Aro GBCko entrenatzaile laguntzailea
“Orain, batez ere, momentua bizitzeko eta dastatzeko garaia da”
Lagun Aro GBCn, Sito Alonsoren laguntzaile postuan, lehen denboraldia osatu du Jon Txakartegik (Altza, 1977). Oso pozik dago taldearen lorpenekin, baina zaleen irmotasuna ere asko baloratu du. Irutxuloko Hitzarekin hitz egin zuen atzo, autobusetik jaitsi bezain laster.
Valentziak play offetik kanporatu du taldea azkenean, baina osatu duzuen denboraldiarekin pozik egoteko moduan zaudete, ezta?
Bai, pozik gaude. Sekulako denboraldia egin dugu eta uste dut saskibaloi oso ona egin dugula. Emaitzak oso onak izan dira, denboraldi historikoa izan da, emaitzengatik eta Kopa eta play offa jokatzeagatik. Batez ere, zaleekin lotura oso estua izan dugu.
Hirugarren partida jokatzera iritsi zareten bakarrak izan zarete play offean, eta lesioak izan arren, gogor erantzuteko gai izan zarete.
Atzo [asteartean] jokalariak fisikoki oso nekatuak zeuden, arazo asko izan genituen; Pankok ezin zuen jokatu, Vidalek horkatila oso gaizki zuen, Netok ere arazoak zituen, gainera, falten arazoa izan genuen partidan… oso zaila zen ondo aritzea, baina bukaerara arte itxura ona eman dugu.
Pertsonalki ere harro egoteko moduan zaude, klubean lehen denboraldi ederra izan duzu eta.
Bai, oso pozik nago. Izugarria izan da niretzak ACBn lan egitea, eta denboraldi hau bizitzea.
Zaleek bi autobus bete zituzten Valentziara joateko. Han ere nabarituko zenuten euren babesa, ezta?
Bai, izugarria. Beroketan ikusi genituen zale guztiak eta momentu horretatik partida bukatu arte animatzen aritu ziren. Partida bukatuta ere, gure autobusa atera arte itxaron zuten, izugarria.
Iritsi zaizue atseden hartzeko garaia?
Oraindik zenbait gauza egin behar ditugu, baina desberdina izango da. Orain, batez ere, momentua bizitzeko eta dastatzeko garaia da.
Badago zer ospatu, ezta?
Baietz uste dut.
Lagun Aro GBCko zaleek argi utzi dute 2011-2012 denboraldian behintzat, taldea azkenera arte babestuko dutela. Valentzia Basketen aurka play offeko hirugarren partida galdu zuen asteartean GBCk, eta ondorioz, ACB Endesa Ligako titulua lortzeko borrokari agur esan dio. Hala ere, lorpen historikoa egin du Sito Alonsoren taldeak, eta baditu pozik egoteko arrazoiak. Taldeari eskerrak emateko, hogei zale inguru Illunbeko aparkalekuan bildu ziren atzo eguerdian, taldearen autobusa Loiuko aireportutik iristeko zain. Autobusa iristean ez zuten zalantzarik izan, txalo artean jaso zuten taldea. Sito Alonso entrenatzaileak banan-banan agurtu zituen bertaratu ziren guztiak, eta eskerrak eman zizkien, irrifarra une oro aurpegian zuela.
Olatz Gorrotxategi donostiarrak, lortu zuen bere helburua, Baronek elastikoa sinatzea: «Opari bat egitera etorri gara. Gure lagun batek tadea asko jarraitzen du eta ezin izan du etorri. Vidalek edo Pankok kamiseta sinatzea lortu nahi dugu, sorpresa bat emateko», azaldu zuen Gorrotxategi gazteak. Gorrotxategik telebistaz jarraitu ohi du saskibaloia, baina bere lagunaren laguntza izaten du. «Berak asko bizi du saskibaloia, eta partida polita izango dela esaten digunean, guk ere ikusten dugu».
Iñigo Alonso, berriz, Lagun Aroren zale sutsua da, eta atzo aitaren ondoan joan zen taldea agurtzera. «Oso pozik nago denboraldiarekin. Sito geratzea espero dut, Panko eta Vidal bezalako jolariekin batera oso garrantzitsua baita. Pena izan da galtzea, baina Pankoren bajak eragin handia izan zuen. Bukaerara arte borrokatu genuen».
Orain, datorren urteari begira lantzen hasteko garaia da.