Larrotxenen, denak denekin kantari

Hainbat auzoetako kantu taldeetako kideak izan ziren taula gainean 'Etxekoekin Kantari' saioan. (Argazkiak: Mikel Goñi).
Bere kantaldietan oholtza gainean dagoenak eta publikoak batera abestea da Lagunekin kantari-ren funtsa. Maiatzean zehar egiten diren hiruzpalau saio osatzen dute, eta aurten hamaikagarren aldira iritsi da. Zenbaki horrek euskaldunentzat duen berezitasuna dela eta, aurtengo edizioak aldaketa txiki batzuk ekarri ditu.
Horietako bat urteroko Etxekoekin kantari saioan egin dute. Ekimeneko beste kantaldiekiko aldea da gonbidatuarekin eta publikoarekin batera Itziar Zamora antolatzailea abestea. Hain zuzen ere, hortik datorkio izena.
Aurtengo berezitasuna, ordea, gonbidatua bera izan da. Gros, Amara, Antigua eta Intxaurrondoko auzotarrak izan baitira publikoan, eta oholtzan, Zamorarekin batera. Joserra Beloki antolatzaileak deskribatu du ekitaldia. «Eskola bateko ikasturte bukaerako ekitaldia zirudien».
Bikote edo talde bakoitzak pare bat kanta eginda, saio hunkigarria eta dibertigarria osatu zuten bisitarien eta intxaurrondotarren artean. Kantari profesionalak ez zirela adierazi zuten gehienek beraien jarduera baino lehen; batzuk «praketako kaka usaina» aipatzera iritsi ziren. Urduritasunak urduritasun, saio borobila osatu, eta Belokik azaldu duenez, oso pozik irten ziren denak, «aldaketa hori polita zela esaten zuten».
Afarirako txartelak badaude Abesteko ohitura sustatzea bilatzen dute Lagunekin kantari ekimenaren antolatzaileek, baina baita Intxaurrondoko auzo bizitza suspertzea ere. Hori dela eta, urtero legez, ekimenaren azken egunean abestiak kalera aterako dituzte kantu jira moduan. Hain zuzen ere, 20:00etan, Larrotxenetik abiaraziko dira inguruko kaleetara kantak eramateko.
Benetako bukaera, ordea, horren ondoren Artzak Ortzeok elkartean egingo den afaria izango da. Berandu dabiltzenek, ordea, txartelak erosi ahal izango dituzte gaur bertan Larrotxene kultur etxera deituta: 943-29 19 54.

