Mikel Zubeldia: "Gizonezkoengan ere badaude kolore eta tonu asko"
Mikel Zubeldia: Idazlea
Euskarazko ipuin onenaren Donostia Hiria saria lortu du, Marlboro gizona liburuarekin; garaikurra eta hamar mila euroko saria bihar jasoko ditu idazle donostiarrak, 19:30ean, Andia kaleko Kutxaren ekitaldi aretoan.
Literatur sariak ez zaizkio arrotzak egiten Mikel Zubeldiari (Parte Zaharra, 1972). Kanpo merkataritzaren alorrean lan egiten duen arren, bere ipuinek kritikaren oniritzia lortu dute, behin baino gehiagotan. Besteak beste, bi aldiz irabazi du Euskaltzaindiaren Txomin Agirre saria eta, oraingoan, LII. euskarazko ipuin onenaren Donostia Hiria Saria eskuratu du. Marlboro gizona lanarengatik lortu du. Garaikurra bihar jasoko du, 19:30ean, Andia kaleko Kutxaren ekitaldi aretoan.
Donostiarra izanik, berezia egiten al zaizu Donostia Hiria saria eskuratu izana?
Bai, aspalditik nuen gogoa sari hau irabazteko; garrantzitsuena ez bada, garrantzitsuenetako bat baita. Hiriko saria da, eta poza eta harrotasuna sorrarazten dizkit.
Aurrez ere parte hartu al zenuen?
Bai, baina orain arte ez nuen zorterik izan, eta egia esan, emaitzarekin oso gustura geratu naizen ipuin batekin egokitu zait.
Ipuin hori Marlboro gizona da. Zertan datza?
Istorioaren ardatza Dora Mago izeneko emakume bat da. Margolaria da eta arte figuratiboa egiten du: izadi hila, erretratuak, paisaiak… Batez ere erretratugintza du gustuko, eta azkenaldian gizon biluzien serie bat egiten dabil. Dorak gizonekiko istorio arraro bat du eta, esaten duenez, arrazionalki gauzak konpondu ezin dituenean, zurdakiei galdetzen die. Pixkana ikertzen hasiko da eta irudiak egiten, eta margoak egiten doan heinean konturatuko da geroz eta gehiago dakiela gizonezkoen mundu ezezagun haren inguruan. Halako batean, gizon bat ikusiko du, eskale antzekoa eta cowboy itxurakoa, eta oso harrigarria egingo zaio; «nik gizon hori margotu behar dut», esango dio bere buruari. Eta hortxe hasiko da istorioa.
Zuk ere zurdakiekin partekatzen al dituzu kezkak?
Ez, nik ordenagailuari esaten dizkiot. Askotan gauza bati buruz ez dakidanean edo zerbait garatu nahi dudanean ordenagailuan idazten hasten naiz eta gero hortik ateratzen dira gauzak. Ni ez naiz teoria zalea; intuizioari jarraitzen diot kezkak ditudanean.
Zer adierazi nahi du ‘cowboy’ itxurako gizon mistikoak?
Marlboro gizona maskulinitatearen arketipoa da. Garai batean publizitatean azaltzen zen cowboy bat zen eta maskulinitatearen eredutzat hartzen zuten. Horri buelta eman nahi izan diot; izan ere, gizonezkoengan ere badaude kolore eta tonu asko eta horren inguruan gogoeta egin nahi izan baitut.
Ipuin honetan aurrez aipatutako zenbait pertsonaia eta eszenatoki berreskuratu dituzu.
Bai, hain zuzen ere, Ekilibistraren polka ipuin-liburuan Ochreland izeneko hiri bat sortu nuen eta han bertan jarraitzen dut. Dora Mago pertsonaia bera ere, beste ipuin batzuetan aipatu nuen, baina oraingoan protagonista bilakatu dut. Azken buruan, nik ipuinak egin eta liburuetan sailkatzen ditut, eta hori dela-eta, askotan gerta daiteke ipuin batek aurreko liburu bateko beste ipuin batzuekin zerikusia edukitzea; agian, ipuin bera izan daiteke dena. Gustuko dut mundu bat sortu eta bertan pertsonaiak eta haien istorioak kokatzea.
Zure testuen ezaugarrietako bat umore tristea da; oraingoan ere ildo horretatik jarraitu al duzu?
Umore tristea erabili dut, baina, oraingoan iluntasunerantz jo dut. Nik ez nuen honetan erreparatu ere egin, baina epaimahaikideek ipuina bortitza zela azpimarratu zuten, eta arrazoi dute, indarkeria psikologikoa eta fisikoa agertzen baitira. Azken finean, askotan jotzen da literaturan denak polita izan behar duela, eta ez du zertan, istorioak kontatu behar dira.
Zer goraipatu du epaimahaiak zure lanaren inguruan?
Ba erritmoa ondo mantentzen duela eta irakurtzen jarraitzeko gogoa ematen duela. Nik aitortzen dut ez dela ipuin irakurterraza, baina behin harrapatzen zaituenean, irakurtzeko ondo dago. Estilo jasoa ere azpimarratu dute, eta hori ere nire testuetan errepikatzen den beste zerbait da. Buelta asko ematen dizkiet esaldi eta deskribapenei.
Urteotan nolako garapena izan dute zure ipuinek?
Batez ere teknika aldetik hobeto dudala uste dut. Zenbat eta gehiago idatzi, gauza arriskutsuagoak egiteko gai ikusten duzu zeure burua. Lasaiago zaude, eta erronka berriak hartzen dituzu.
Zein eremu geratzen zaizu urratzeko?
Ba istorioak otu ahala idazten joaten naiz eta hori dela-eta ez dut irrika berezirik. Ez badut ipuin bat idazteko gogorik, edo ez banago konbentzituta ez dut idazten. Ipuin hau bera duela bost urte hasi nuen, baina eten egin nuen: protagonistak nituen eta banuen istorioa, baina mamia falta zitzaion. Libratu nintzen halako batean eta ipuina garatu nuen. Obsesionatu gabe lan egiten dut; aurrera ez badoa, ipuina hor uzten dut eta jarraituko dut beste batean ala ez.
Oraintxe ba al duzu beste ipuinik abian?
Bai,baina ezin dut asko aurreratu. Hilabete pare bat barru bukatuko dudala uste dut.
Ez duzu eleberririk idaztea planteatzen?
Ez. Nik idazteko oso denbora gutxi daukat, eta eleberriak idazteko, ipuinak baino, ikerketa lan gehiago egin behar da eta pertsonaiak gehiago garatu behar dira. Nik istorio txikiak kontatzea gustuko dut, eta tira, batzuetan, pertsonaiak, giroak etabar batuz zure mundua sortzen duzu… Agian, ez da eleberria, baina non dago muga?
Zein litzateke ipuinen alde erakargarriena, eleberriekin alderatuta?
Ipuinak zuzenagoak dira, eleberrietan lasto gehiago sartu dezakezu. Dena den, guztia erlatiboa da, izan ere, adibidez, niri ipuinetan ere galtzea gustatzen zait. Beti esaten da ipuinak zuzen doazela, baina, esaterako, nik ipuin honetan bi azpi-ipuin sartu ditut. Beti aurrera joanda eta norabidea galdu gabe, baina tarteka gustatzen zait zirriborroak egitea, irakurlea pixka bat zigortzea.
Literaturarekin zerikusirik ez duen alor batean lan egiten duzu. Literaturaz bizitzea gustatuko litzaizuke? edo ezinezkotzat jotzen duzu?
Ez da ezinezkoa, baina esfortzu handia eskatzen du. Zaila da hortaz bizitzea eta, egia esan, ez dakit balioko nukeen egunero 8 orduz idazteko. Ni gustura nago nire bi munduekin: kanpo-merkataritza eta literaturarekin, eta hala, oreka lortzen dut.
Gainera, sariz sari zoaz. Zein da sekretua?
Ez dago sekreturik; sekretua lan egitea da. Nik proiektu bat dudanean horretan sinetsi behar dut eta gustura egin. Buelta asko ematen dizkiot gauzei eta azkenean neka-neka eginda bukatzen dut, nazkatuta batzuetan. Baina proiektu bat duzunean, sinetsi egin behar duzu, aurrera egin eta aurrera atera.


