Nahia de Cos laguntzeko kirol jaialdia egingo dute bihar Alderdi Ederren
Poliomielitis gaitzaren aurka lan egiten duen Rotary elkarteak eta Donostia Kirolak antolatu dute ekitaldia
Bihar Alderdi Ederrera hurbiltzen diren herritarrek poliomielitis gaitzaren aurka eta Batten eritasun degeneratiboari aurre egiteko Nahia de Cosek darabilen borrokan laguntzeko aukera izango dute. Poliomielitis eritasunarekin bukatzeko helburuarekin egiten du lan Rotary elkarteak. Mikel Maeztu elkarteko kideak azaldu duenez, ia desagertutako gaitza da, baina bizpahiru herrialdetan oraindik bizirik jarraitzen du eta zabaltzeko arriskua izan dezake. Donostiako Rotary taldea 18 boluntariok osatzen dute. Talde horren zein Donostia Kirolaren ekinez antolatu dute Kirol Solidarioaren I. Jardunaldia.
Larunbatean, 10:00etatik 14:00etara, eta 16:00etatik 20:00etara, golf eta esgrima erakustaldiak egingo dituzte Alderdi Ederren herritarren arreta bereganatzeko. Haur eta gazteentzat, era berean, golf makilak eta esgrima ezpatarekin ibiltzen ikasteko ikastaroak eskainiko dituzte. Sarrerarik ez dute ordainduko. Eskainiko dituzten produktuekin eta jendearen ekarpenekin batuko dute beharrezko laguntza.
Gonzalo de Cos, Nahiaren osaba
New Yorkeko erietxe batean dago Nahia de Cos bere aitarekin. Batten gaitz degeneratiboari aurre egiteko tratamendu bat jasotzeko desioarekin joan dira AEBetara. Egunotan azterketa desberdinak egiten ari dira eta erietxean zein erabaki hartuko zain daude. Nahiaren osabak, Gonzalo de Cosek, aitortu duenez, «itxaropentsu» daude. Neska oraindik ondo dagoela dio eta aurrera egiten lagunduko dion tratamendua jasotzeko aukerak dituela uste du osabak.
New Yorken, gainera, poliomielitis gaitzaren aurka lanean ari den Rotary elkartearen laguntza dute. Donostiatik lanean ari diren 18 boluntarioez gain, munduan zehar 32.000 Rotary talde ari baitira lanean.
Elkarte eta erakundeekin batera, Nahia herritarren babesa ere izaten ari da, ezta?
Gipuzkoarren jarrera txalotzekoa eta mirestekoa izaten ari da. Urtarrilean neska laguntzeko elkartasun jaialdia egin zuten Viktoria Eugenian eta sekulako erantzuna izan zuen. Bildutako diruak AEBetara joatea ahalbidetu du, besteak beste.
Familiaren babesa, era berean, ezinbestekoa izango da neskatxarentzat.
Nire anaiak ez du sekula amore eman. Eritasuna degeneratiboa den arren, borrokan jarraitu du. Internet bidez ikaragarri mugitzen hasi zen eta informazio asko batu zuen. Bizkaian ere egoera berean zeuden bi familia zeudela jakin zuen eta haiekin jarri zen harremanetan. Laguntzeko elkarterik ez zegoenez, batzuen eta besteen artean sarea osatuz joan da.
Eskaintzen den laguntza edozein dela ere guztiak balioko du Nahiak aurrera egin dezan, ezta?
Larunbatero, esaterako, zaldiekin lan egiten duten zentro batera eramaten dut eta aurrerapauso handiak eman ditu. Besotik ondo heltzeko koordinazioa galdu duela ikusten duzu; zaldiekin ibili ondoren, ordea, ez du heltzeko inolako zailtasunik izaten.