Ostiralean hasiko da hondartza sasoia, irailaren 30a arte

Hiru egun barru egingo dute 1.521 eguzki oihalen zozketa Atano III.ean; 5.555 lagunek egin dute eskaera

Maiatzak 29 ditu eta eguzkia hasi da pixkanaka bazterrak berotzen. Sorosleak, garbitzaile eta hondartzan lasai ibiltzen laguntzen duten gainontzeko langileak oraindik bere egitekoari heldu ez badiote ere, jendeak ez du egunotako eguraldi onari ahalik eta etekinik handiena ateratzeko aukera galdu. Itsasoan edota hareatzean seguru eta eroso egoteko zerbitzuak lanean hasteko, baina, ostirala arte itxaron beharko da orduan hasiko delako hondartza sasoia. Kabina kolektiboak, sorospen zerbitzuak, magafonia, dutxak eta hondakinen gaikako bilketarako zaborrontziak Zurriolako, Kontxako, Ondarretako eta Santa Klara irlako paisaian txertatuko dira ostiraletik irailaren 30a bitartean.

Ostiralean izango da, era berean, eguzki oihalen zozketa Atano III.a pilotalekuan, 12:00etan. Guztira, 1.521 eguzki oihal dira zotz egingo dituztenak: Ondarretan, 820; Kontxan, 440; eta Zurriolan, 261. Hondatza bakoitzeko zozketa bana egingo dute. Ondarretan, ordea, hiru zozketa egingo dituzte oihalak (479) ez ezik, eguzkitako (239) eta karpak (132) ere noren esku geratuko diren erabaki behar baitute. Horietako baten gerizpean uda igarotzeko eskaera egin dutenak 5.555 lagun dira.

Zozketako partaideek hiru urtez eguzki oihal baten azpian egoteko aukerarik izango ote duten ezagutzeko, Donostiako Udalaren webgunean edo Udalinfoko bulegoetan kontsultatu ahal izango dute. Zalantzaren bat argitzeko, gainera, informazio mahai bat jarri dute udaletxeko atarian.

Ostiralean zortea alde dutenek ekainaren 8a baino lehen egin beharko dute ordainketa, ekainaren 15ean eguzki oihalik gabe geratu nahi ez badute behintzat. Egun horretan hasiko dira oihalak zabaltzen, baita irlako kafetegiko eta sorospen zerbitzuko langileak lanean ere. Orain arte kafetegiko langileak sorosleak baino lehen joaten ziren irlara; aurten, berriz, egun berean helduko dira.

Zurriola, Kontxa eta Ondarretan, berriz, ostiraletik aurrera ibiliko dira sorosle eta udaltzainak hondartzetan gora eta behera. Sorosleak, dena den, ekainaren 14a bitartean, 10:30etatik 19:30era ariko dira zaintza lanetan. Ekainaren 15etik irailaren 15era ordubete luzatuko dute zerbitzua, 10:00etatik 20:00etara.

Desfibriladorea eta guzti, ondo hornitutako botika kutxa izango dute sorosleek hondartza bakoitzean. Aurten, Zurriolan, lehen larrialdietarako botika kutxa duen beste laguntza kabina bat jarriko dute Tin-Tin igerilekuen parean. Udaltzainek ere unitate mugikorra jarriko dute Zurriola pasealekuan.

Horretaz gain, iazko ezbeharrik errepika ez dadin, Zurriolak duen arriskuaren berri emateko kartel gehiago jarriko dituzte sarrera nagusietan, hondartza zaleak arretaz ibil daitezen.

Harriak estaltzeko lanak

Ondarretan, bestalde, bukatu dituzte itsasertzean agertzen diren harriak estaltzeko lanak. Zabaldutako hondarra, ordea, oraindik «ondo tinkatuta ez» dagoela ohartarazi du Nora Galparsoro Hiri Zerbitzuetako zinegotziak. Hori dela eta, «sakonune txikiak» egon daitezkeela zehaztu du zinegotziak. Harrien gainean 60 zentimetroko geruza jarri dutela azaldu du Jon Landa teknikariak, itsas ondotik inongo arazorik gabe ibiltzeko aukera egon dadin.

Azti erakundeak egindako gomendioak jarraituta zabaldu dute hondarra Ondarretan. Ikerlarien aholkuak aintzat hartuz eraitsi zuten, halaber, hondartzako kafetegia. Haren ordez, uda bitartean egongo den behin behineko kafetegi zerbitzua ostiral honetan esleituko du udal gobernuak. Zaharraren lekuan, kolore zuri urdina duen egitura bat altxatuko dutela deskribatu du Landak.

HITZAkide HITZAkide