PPk eta PSE-EEk zuzenketak egin dizkiote inbertsio planari
Aieten igogailua egiteko eta kaleak asfaltatzeko diru gehiago bideratu nahi dute oposizioko bi alderdiek
Bilduk eta EAJk adostutako inbertsio plana aztertu dute PPk eta PSE-EEk eta hura hobe dezaketen zuzenketak egin dituzte. Okerrik ez bada, bihar onartuko du udalbatzak inbertsio plana, gutxienez, EAJren eta Bilduren aldeko botoekin. Ikusi beharko da bi taldeek PPk zein PSE-EEk egindako zuzenketarik onartzen duten ala ez. Horrek «hiriaren aldeko plana den ala interes politikoen karietara egindakoa izan ote den» erakutsiko duela adierazi du Susana Garcia Chueca PSE-EEko zinegotziak.
Alderdi batzuen zein besteen lehentasunak «bestelakoak» direla argitu du Jose Luis Arrue PPko zinegotziak. Era horretan, Igeldoko eskolak eraberritzeko ala autobus geltokiaren inguruko azterketa bat egiteko bideratu duten dirua beste eginkizun batzuetarako erabiliko luke PPk. Sozialistek ere Igeldoko eskolentzat eta autobus geltokiaren inguruan azterketa bat egiteko dirua bideratzea ez dute egoki jo. «Autobus geltokiaren bueltan ezin da azterketak egiten diru gehiago gastatu», dio Garcia Chuecak. Igeldoko eskolak, berriz, «zertarako» eraberritu nahi dituzten ez dutela argitu aditzera eman du PSE-EEko zinegotziak.
Era berean, turismoa indartzeko, Urumeako ibarra eraberritzeko, errepideak asfaltatzeko nahiz Aiete eta Añorgan igogailuak jartzeko inbertsioak falta direla uste du PPko zinegotzi Jose Luis Arruek. Ekarpen horiek egiteko inbertsio planean 607.000 euro aldatu beharko liratekeela zehaztu du.
PPk ezarriko lituzkeen aldaketa horietako batzurekin bat dator PSE-EE. Susana Garcia Chuecak azaldu duenez, Morlans eta Aiete arteko igogailua egiteko 500.000 euro bideratzearen aldekoak dira baita hirian asfaltatze kanpainia eraginkorrago bat egiteko 200.000 euro gehiago jartzearen aldekoak ere.
Diru sarrerei dagokienez, berriz, Añorgako I-Nazionala eta Loiola eta Martutene arteko errepidea udalaren esku uzteagatik Gipuzkoako Foru Aldunditik 1,2 milioi euro jasotzea «engainua» dela esan du Garcia Chuecak, diputazioak eman beharreko kopurua handiagoa izan beharko lukeela uste baitu. Sozialistek, bestalde, beste hainbat arlotara bideratuko lituzkete inbertsioak. Hala nola, Gros eta Egian espaloiak hobetzera, adineko jendea bizi den etxebizitzetan gas hornidura jartzeko laguntzak ematera, Altzako kiroldegia eraberritzera eta Monpaseko pasabidea egiteko lursailak desjabetzera.

