Epaiketa, AHTaren aurka protesta egiteagatik
2008ko abuztuan Donostian Abiadura Handiko Trenaren aurkako protesta ekintza batean parte hartzeagatik 11 pertsona epaituko dituzte Egiako epaitegian. 2008ko abuztuaren 3an egin zuten protesta, Hiria gelditu eta pentsatu lelopean. Donostiako hainbat kaletan sei pertsona kateatu ziren porlanez beteriko edukiontzietan. Orain bi urtetik gorako espetxe zigor eskaerei egin beharko diete aurre. AHT Gelditu! Elkarlanak bihar epaitegian, 9:30ean, elkarretaratzean parte hartzeko deia egin du. Donostiako ezker abertzaleak epaiketa «gehiegikeria juridikoa» dela dio, eta epaituko dituzten kideei elkartasuna adierazi die.

