Jakitetik egitera salto egin beharra
Atzo egin zuten Espainiako Elikadura eta Dietetika Elkarteen Federazioak (FESNAD) antolatzen duen Elikaduraren Eguna, eta horren harira Kontsumobidek, Jaurlaritzaren kontsumo zerbitzuak, bere ekarpena egin nahi izan zuen Jaten ikastea, hazten ikastea da lantegia antolatu eta herritar guztiei zuzenduta.
Marta Cobo da Kontsumobidek Donostian duen heziketa sailaren teknikaria, eta bera arduratzen da lantegi honetaz. «Elikaduraren Egunekoa deialdi berezia izan arren, lantegi hau urtean zehar ere ematen dugu».
Cobok dioenez, Intxaurrondoko egoitzara doazen haurrek eta gazteek elikaduraren inguruko ideia orokor ona daukate. Dena den, teknikariak zehaztu du. «Eskoletan gauza asko ikasten dituzte; falta direnak, ordea, ohiturak dira».
Modu honetan, elikagai motak zeintzuk diren eta zein maiztasunaz jan behar diren jorratzen dute Kontsumobideren tailerrean. Azalpena eta gero jokoak erabiltzen dituzte. «Trivial moduko bat daukagu, eta gero eguneko menua osatzen dugu». Egunean zehar zenbat barazki, animalia jatorria duten proteinen kopurua eta bestelako osagaien presentzia bermatzeko otorduen deskribapena egitean nabaritzen dute ikasleek beraien dietaren egokitasuna. «Eskoletan konturatzen dira gazteek gosaririk ez dutela jaten, eta nerabeek zein ohitura txar dituzten». Teknikariak azaltzen duenez, ohiko familia otorduetara itzultzea litzateke egokiena.
Baina, 90 bat minutu irauten dituen lantegian beste zerbaiti ere erreparatzen diote; hain zuzen ere, elikadura orekatua izateko ezinbestekoa baita «erosketa egokiarekin» hastea. Horretarako janari produktuen etiketatua ondo begiratu eta ulertu behar da. Informazio energetikoaz gain, hau da, elikagaiek ematen dituzten kaloriez gain, jatekoaren osagaiak zeintzuk diren azaltzen dute etiketek. «Oraindik ez da beharrekoa horiek guztiak azaltzea, baina gero eta gehiago dira informazio hori modu ulerterrazean jartzen duten enpresak». Era horretan jateko bakoitzak zenbat aldiz jan daitekeen erabaki ahal izango du kontsumitzaileak. «Horrez gain etiketa horietan alergiak eragin dezaketen osagaiak ote dituen ikus daiteke ere».
Tailerrak noiznahi Horiek guztiak eta beste asko ikas daitezke Kontsumobideren tailerretan, eta taldeka egin behar badira ere, edozein herritarrentzat irekita daude. «Lantegia jasotzeko interesa duen edonor jar daiteke harremanetan gurekin», argitu du Cobok. Horretarako, 943-02 25 90 telefono zenbakira deitu edo formacion-gipuzkoa@kontsumobide.es posta elektronikora idaztea besterik ez dago; izan ere, Elikaduraren Eguna atzo izan bazen ere, elikaduraren kontua egunerokoa baita.


