1813an hiriak jasandako suntsitzea argitzeko asmoz, donostiar talde batek Donostia Sutan 1813-2013 elkartea sortu du. Datorren urtean osatuko den bigarren mendeurrenean garai horretako herritarrak protagonista izatea nahi dute.

Donostia Sutan 1813-2013 elkarteko kide Jon Urruxulegi, Iñaki Martinez de San Vicente, Toti Martinez de Lezea, Josu Tellabide eta Nora Alejos. (Argazkia: Maitane Aldanondo)
Hiria ia erabat suntsitu zuen 1813ko erretzea eta horren ingurukoak aztertzeko, donostiar talde batek hamarkada darama astero elkartzen. Berriki, Donostia Sutan 1813-2013 elkartea eratu dute, erasoari buruzko egia ezagutarazteko asmoz. Izan ere, donostiarrak biktima izan zirela jakina den arren; borreroak, zabaldutako ustearen kontra, ez baitziren frantsesak izan. Hiria suntsitu zutenek Castaños eta Alava jeneral espainiarren aginduak jarraitu zituzten. Horregatik, uniformeak alde batera utzita, bigarren mendeurreneko protagonistak hura jasan zuten donostiarrak izatea nahi dute. Horretarako, ordea, egia jakitea beharrezkoa da.
Taldea pasa den ostiralean aurkeztu zuten suteak zutik utzi zuen kale bakarrean dagoen Doctor Camino liburutegian. 1813ko abuztuaren 31n hiriak bere historiako hondamendirik latzena jasan zuen. “1.200 bat donostiar erailak, adin eta kondizio guztietako ehunka emakumezko bortxatuak, ondasun publiko eta pribatuak arpilatuak eta ia hiri osoa kiskalia izan ziren”, zerrendatu zuen Jon Urruxulegi kideak. Arpilatzeetan eta ondoko hilabeteetan, populazioaren %17,5 hil ziren. Halakoen aurrean, elkartekideek ezin dute ulertu “hiriak gertaera haiek aditzera ez ematea, ezta jasan behar izan zutenena, edo hiriko informazio testuetan horri buruzko ezer ez agertzea”.
Egoera zuzentzeko, bildu duten informazioa Donostia1813-2013.blogspot.com.es blogaren bidez zabalduko dute. Eskuragarri dauden dokumentuen artean, garaiko lekukoen adierazpenak edo taldearen manifestua dago, nahi duen orok bere atxikipena eman dezan. Jada, Toti Martinez de Lezea, Txaro Arteaga, Felix Soto, Donostiako Bilgune Feminista edota Genozidioaren Biktimen Elkartearen babesa du. Idatzia erakundeak, elkarteak, eragile sozialak… interpelatzeko erabiliko dute, datorren urtean “hura jasan zuten donostiarrak izan daitezen omenaldien protagonistak”.
Proiektua gizarteratzeko, ekainaren 12an, Antonio Mendizabal eta Iñaki Egaña historialariek
Zein arrazoi zuen Castaños jeneral espainolak Donostia erretzeko eta donostiar guztiei lepoa mozteko agintzeko? hitzaldia emango dute San Telmo Museoan, 19:00etan. Horrez gain, liburuxka, ikastetxeetan banatzeko komikia, dokumentala, bisita gidatuak eta 2013ko abuztuaren 31 arteko egitaraua gauzatzeko asmoa ere badute.
Josu Tellabide – 1813-2013 Donostia Sutan elkarteko kidea
«Donostian ez litzateke uniformerik egon behar, hiriari iseka egitea da»

Josu Tellabide historialaria. (Argazkia: Maitane Aldanondo)
Oraintsu bat egin du Josu Tellabide historialariak (Lugaritz, 1943) 1813-2013 Donostia Sutan elkartearekin. Gainontzeko kideek bezala, hiriaren sutearen inguruko egiazko gertakariak ezagutarazi nahi ditu.
Zein da elkartearen helburua?
Donostiako berreskurapen historikoa. Justizia egiteko jendearen memorian jartzea gertakari horiek. Garai hartako historiaz gezur asko kontatu dira; eta manipulazioa nahiz zurikeria ere izan dira horiek disimulatzeko. Donostiari su eman ziotenak frantsesak izan zirela uste duen jende pila dago.
Zein da ezkutatu zaigu historia?
Historia guztietan gertatu den bezala, Gernika kasu, frantsesak eta bertakoak izan zirela, kulpa horiek zutela esan da. Garbi dagoena da, Donostiak ordaindu zuela soldaduei pagatzeko dirurik ez izatea. Alava jeneralak interesak zituen Gasteizen, eta han ez zuten ezer txikitu. Donostia hartzean bertako guztia beraientzat hartzeko esan zien; eta espainolei, inguruan egon zitezela, ingelesak sartu bitartean.
Zergatik ez du inork hori argitu?
Boteredunek Donostian, lehen eta orain, sosa dutenen atzetik joan dira beti. Ez dute herritarrekin zerikusirik. Gertatu zena ezkutatu dute. Kaleei izena jartzeko ere, beren modura egiten dute. Cadizko konstituzioaren izenean triskantza egin, eta su emandakoei Konstituzio plaza jarri! Hori da botereak egiten duena. Botererik ez dutenek ezin dute izenik jarri, horiek ez dute oroitzarik.
Bigarren mendeurreneko omenduak herritarrak izan daitezela nahi duzue.
Utz dezagun militarismoa. Donostian ez litzateke uniformerik egon behar; hiriari iseka egitea da. Horrek, gure historia desitxuratzen du; garai hartako lekukoek esandakoa berritzea hobe litzateke. Ez naiz Narrika eta San Lorenzo kaleko izkinan barrika bati lotuta neska bat bortxatu zutela irudikatzez ari. Baina hori jakingarriagoa da kandelatxo batzuk piztea baino. Hori da egia berreskuratzea. Interes oso handiak daude hauek inoiz ager ez daitezen. Gaiztoa beti txikia da, botererik ez duena.