Etxadiko kiroldegiko langileek greba hasiko dute gaur
Josu Ruiz Kirol zinegotziak argi utzi du Donostia Kirolak ez dituela langile horiek hartuko: «Udalak ezin ditu lan taldearen barruan sartu»
Ekainaren 16tik aurrera Ondarretako Tenis Elkarteak Etxadiko kiroldegia kudeatzeari utziko dio, kiroldegiaren kudeaketa ez delako kirol elkartearentzat errentagarria izaten ari. Etxadiko ekipamenduaren ardura, beraz, Donostia Kirolak hartuko du bere gain. Erabaki horrek, baina, harreran lan egiten duten hiru beharginen eta mantenuan ari diren beste hiruren lanpostua kolokan utzi duela salatu du ELA sindikatuak.
Josu Ruiz Kirol zinegotziak argi utzi du Donostia Kirolak ez dituela langile horiek hartuko: «Udalak ezin ditu lan taldearen barruan sartu». Udal langileak edukita, ezin dutela «klub pribatu baten» lan taldea bere gain hartu jakinarazi du zinegotziak. «Logikoena da zerbitzu bat abian jartzen badugu, langile publikoek kudeatzea, nahitaezko eta derrigorrezkoa den bezala, horretarako Donostia Kiroleko lan poltsa erabiliz», aditzera eman du.
Egoera horren aurrean, langileek gaur greba hasiko dutela iragarri dute. Horrekin batera, kiroldegiaren atarian nahiz udaletxe aurrean protesta egiteko asmoa dutela adierazi dute. Egunotan irtenbiderik aurkitu ezean, greba ekainaren 15a arte luzatuko dutela aditzera eman dute langileek. Josu Ruiz zinegotziak dio Etxadiko kiroldegia irekita egotea eta beharrezko zerbitzuen eskaintza bermatzeko ahaleginetan ari direla. Horretarako, «Tenis Elkartearekin irtenbideren bat bilatzeko harremanetan» ari direla dio.

