Galeria eta estudioa, bat eginik
Arte erakusleihoa eta aldi berean diseinu lantokia zabaldu zuen Aritz Kabek duela lau urte, Nocolor; ibilbide oparoa izan du ordutik, eta Groseko txokoa berritu duen honetan oraindik ere gusturago dago jabea.
Groseko Nocolor estudioak duela lau urte zabaldu zituen ateak, 2008ko apirilaren 25ean. Diseinu grafiko ikasketak egin ondoren, bere enpresa irekitzeko gogoa zuen Aritz Kabek (Errenteria-Orereta, 1982), eta urtebeteko lanak egin ostean, bere ametsa gauzatu zuen. Ibilbide polita izan du ordutik, eta lau urteren ostean, diseinu aldaketak egin ditu lokalean. Lau hilabeteko lanen ostean, berriz zabaldu du estudioa, eta hiru zatitan banatua dauka; sarrerako pisuan, arte galeria; goiko pisuan, diseinu grafiko estudioa; eta behean, bere txokoa. Irutxuloko Hitzak Nocolor bisitatu du, Kaberen eskutik. «Guztia hankaz gora jarri genuen eta lau hilabete igaro ditugu guztia moldatzen. Aldaketa oso garrantzitsua izan da, eta jendeak oso gogoko du. Horrek oraindik poz handiagoa ematen dit», adierazi du Kabek.
Oso gogoan du Kabek, duela bost urte hartu zuen lokala nola zegoen. «Sute bat igaro zuen lokalak, eta guztia belztuta zegoen. Senitartekoen eta lagunen laguntzarekin guztia konpondu nuen. Urtebete igaro genuen obrekin, eta emaitza oso ona izan zen. Donostian eredu bihurtu zen Nocolor. Gogoan dut artista askorentzako gogoeta puntu bat izan zela. Lore asko jaso nituen eta sekulako poza jaso nuen», azaldu du. Ordutik, ez zaio lanik falta izan Kaberi, diseinu grafikoak egin, marken logotipoak sortu, surf taulak diseinatu, katalogoak egin, webguneak eratu, nazioarteko artisten erakusketak ekarri… «Lau urte igaro dira estudioa ireki genuenetik, eta dena ondo joan zaigu».
Hoberako aldaketa
2012ko urtarriletik maiatzera artean, berriro ere obrak egin dituzte, eta oraindik ere gusturako geratu da Kabe aldaketarekin. «Egia esan, aldaketa oso garrantzitsua izan da. Jendeak orain perfektua dela dio». Zutabeetan argiak jarri ditu, pareten behekaldeetan eraikinaren berezko harria utzi du agerian… Sarrerako pisuan, esaterako, zoruaren zati bat kristalezkoa jarri du, beheko solairua agerian utziz. Horrek, proiektu gehiagorako bidea emango diola uste du, eta dagoeneko baditu zenbait ideia buruan. «Erropa egiten ere hasi gara, eta sarrerako pisuan daukagu salgai». Kabek bere lantokia kalean jarri nahi zuen, jendearengandik gertu. Hala, galeriak ateak zabalik izaten ditu beti, eta kaletik doan jende askoren arreta deitzen du maiz. «Lehen, beti entzuten nuen lanean ari nintzela ‘estudio de diseño, zer izango da?’, eta orain, ‘grafic design’ entzuten dut».
Estudioko lana da Nocolor mantentzen duena, Kaberen hitzetan. «Estudioak oso ibilbide ona hartu du, eta euskal turismo eta komertzioaren saria lortu berri dugu, Sens Irun lanari esker», dio harro. Irungo udalak bertako dendei bultzada emateko zerbait egin nahi zuen, eta Nocolorren proiektuak irabazi zuen lehiaketa. «Ibilbide batzuk proposatu genituen, Irungo bost dendetan, bost zentzumenak erabiliz. Denda bakoitzean zentzumen bat lantzen genuen, eta oso dinamikoa zen».
Erakusketetatik, berriz, berak ez du dirurik jasotzen. «Artea dagoen moduan dago, artelanak saltzea oso zaila da. Beraz, erakusleiho bat dugu, besterik gabe. Urte guztiko programazioa itxia izaten dugu segituan, eta alde guztietako artistak hurbiltzen zaizkigu». Erakusketa bat jartzea garestia dela gogorarazi du Kabek. Beraz, formula berezi bat erabiltzen du artistekin adostasun batera iristeko. «Artistek euren erakusketaren gastuak eramaten dituzte, eta galerian erakusketa jartzen laguntzen diet. Nik ez diet dirurik eskatzen euren lanak jartzeagatik, eta obraren bat saltzen badute, diru guztia eurentzat izaten da». Hala, artistak «lasai» geratzen direla dio Kabek. «Sistema polita da».
Ezin gusturago dabil lanean Kabe, surflaria ere baita. Beraz, tartetxo bat duenean, Zurriolara joaten da olatuak harrapatzera. «Sekulakoa da egunero hona etortzea, hondartza ikustea, sekulako tokian lasai-lasai lanean aritzea, itsasoa begiratuz kafe bat hartzea, ordubatetan bazkaltzea, surfean ibiltzea, lokuluxka bota, lautan berriro hasi eta zazpiak harte egon ostean, bueltatxo bat ematea… niretzako beti oporretan egotearen modukoa da, diseinu grafikoa izugarri maite baitut».
Astelehenenik ostiralera zabalik dago Nocolor bisitatu nahi duen ororentzat, sarrera doakoa baita. Kolon pasealekuko 37. zenbakian dago. Ekainaren 4a arte, Susana Bernalen koadroak egongo dira ikusgai.



