Lagunekin kantari berezia, Antzoki Zaharrean
‘Berria’ egunkariaren aldeko kantaldia egingo dute sei abeslari ezagunek, Antzoki Zaharrean
Proiektua sendotzeko asmoarekin, Zure ziztada behar dugu kanpaina egiten ari da Berria egunkaria. Dirua biltzea du helburu, eta Euskal Herriko hainbat txokotan ekimenak egiten ari dira, egunkariari euren laguntza emateko. Donostian, igande honetan izango da ekimen berezia, 19:00etan, kantaldia, hain zuzen ere: 11 urte Lagunekin kantari, berriaren alde.
Zehazki, Donostia Kantuzen laguntzarekin, Lagunekin kantari saio berezia egingo dute Antzoki Zaharrean. Hala, hamaika urteotan Lagunekin kantari programan parte hartu duten sei euskal abeslari ezagun ariko dira zuzenean: Amaia Zubiria, Erramun Martikorena, Maddi Oihenart, Itziar Zamora, Pantxix Bidart eta Amaren Alabak.
Aipatutako abeslari guztiek euren abestiak eskainiko dituzte kantaldiari hasiera emateko, hurbiltzen diren guztien gozamenerako. Kantaldiaren bigarren zatian, ikusleek kantariekin batera hamar bat herri kantu abesteko parada izango dute.
Sarrerak salgai
Igandeko kontzerturako sarrerak 15 eurotan daude salgai, Donostiako honako tokietan: Antzoki Zaharreko leihatila, Hontza (Erdialdea), Garazi (Antigua) eta Aritz (Gros) liburu dendak, eta Federiko (Parte Zaharra) eta Kata (Egia) tabernak. Berriako harpidedunek zein Berrialagunek 943-30 43 45 telefonora dei dezakete sarrerak lortzeko.


