Unai Elizasu: "Bertsoaren ikuspegitik sortu dugu, baina dantza da ikusiko dena"
Haatik konpainia donostiarrak bere lehen ikuskizuna estreinatuko du larunbatean
Oholtza gainean bost lagun agertuko dira, aulki banatan eserita. Gaiak egongo dira, ariketak, bertsoak, musika… baina ez da bertso saioa izango. Haatik dantza konpainia donostiarraren lehen ikuskizuna da: Errimak oinetan: dantza berriak, bertsoei jarriak. Taula gainean agertuko diren protagonistak dantzariak izango dira, baina bertsolarien moduan jokatuko dute hein batean; bertsolaritzaren mundutik hartu baitute ideia. Asteburu honetan estreinatuko dute ikuskizuna, Kulturleioan; ziur zer esana emango duela.
Altzako Unai Elizasu gai-jartzaileak Parte Zaharreko Aiert Beobide dantzariari egindako dei bati esker hasi zen guztia. «Irratian entzun nien dantzariei, asko kostatzen zitzaiela ikusleengana iristea», kontatu zuen Elizasuk aurkezpenean. Hala, dantzariekin harremanetan jarri zen Elizasu, bertsolaritzak dantzarien ikuskizunean lagunduko zuelakoan. «Momentu onean harrapatu gintuen, konpainia berria sortzen ari baikinen» azaldu zuen Beobidek. Urtebeteko tartean, eztabaidak izan dituzte, bertsoak eta kantuak sortu dituzte, dantzak eratu dituzte eta entsegu asko egin dituzte, besteak beste, azken emaitza lortu arte. Hala ere, egindako esfortzuak merezi izan duela uste dute, oso pozik baitaude euren sorkuntza lanarekin. Elizasuk bi hitzetan bildu zuen ikuskizuna: «Bertsoaren ikuspegitik sortu dugu, baina dantza da ikusiko dena». Izan ere, Errimak oinetan, dantza ikuskizuna da, baina bertsoa oinarri duela oso argi geratuko da, bertso-saio baten gisan antolatu baitute.
Zailtasunak izan dituztela aitortu zuen Beobidek, dantzaren bidez adierazteak zailtasunak baititu: «Argi genuen mezua hitzetan zegoela, baina dantzarekin indartu egin nahi genuen». Hala ere, pixkanaka, hasieran «zaila» zena, «dibertigarria» bihurtzea lortu dute. «Askotan esaldiz esaldi eta hitzez hitz joan behar izan dugu», gehitu zuen dantzariak.
Zaharrak eta sortutakoak
Ikuskizunean, ikusleek dantzariak lanean ikusiko dituzten bitartean, bertsoak eta kantuak entzungo dituzte. Batzuk bereziki ikuskizunerako sortutakoak izango dira, eta beste batzuk, berriz, aurretik sortuak zeudenak eta aukeratutakoak. Bertsoen egilea Sustrai Kolina izan da, eta bertso musikatuak Bixente Martinez, Hasier Oleaga eta Amaiur Cajareville musikarienak dira. Hautatutako kantuen artean, berriz, Mikel Urdangarinen edo Katamalo taldearen lanak daude. «Jaialdiko momentu bakoitzean erabili nahi genuen tonua guztien artean erabaki dugu. Bakoitzak berea jarri du, bertso batek ez baitu dantzari guztien artean berdina sentiarazten», azaldu zuen Elizasuk.
Bertsoen eta dantzen bidez, gizartearen zein euren buruen kritika egingo dute. Bertso doinuak betikoak izango dira, ez dute ezer berririk asmatu. Dantza mugimenduei dagokienean, euskal tradiziotik zein garaikidetik joko dute. «Ez dugu mugarik jarri dantza estiloan, baina taldekide guztiak euskal dantza tradizionalean hasitakoak gara, eta horrek eragina izango du. Maiz dantza garaikidera ere joko dugu».
Eszeneratzea sinplea izango da arduradunen ustez. Izan ere, antzokietara, gaztetxeetara zein areto txikietara egokitzeko modukoa izatea nahi zuten. «Aurreko astean, ezagunen artean ikuskizuna egin genuen; bertso mundutik zetozenak dantzarekin harritu ziren, eta dantzaren mundutik zetozenak bertsoekin harritu ziren», aipatu zuen Elizasuk. Bertsoa eta antzerkia lotzen dituen Erregea eta bufoia bezalako ikuskizunetan esperientzia du Elizasuk. Bere hitzetan, bertsozaleak erakartzea lortzen dute halakoek, eta oraingoan ere badute esperantza. «Zerbait desberdina eta polita da. Ikusleak pozik geratzea espero dugu», bukatu zuen Elizasuk.
Ikuskizuna
- Zer. Haatik dantza konpainiaren ikuskizuna: Errimak oinetan; dantza berriak, bertsoei jarriak.
- Dantzariak. Aiert Beobide, Maitane Mujika, Onintza Odriozola, Garazi Lekuona, Gotzon Poza eta Iurre Aranburu.
- Bertsoak. Sustrai Kolina.
- Kantuak. Mikel Urdangarin, Katamalo, Aitor eta Jon Sarasua, Gu ta Gutarrak, Maddalen Arzallus eta Miren Amuriza.
- Bertso musikatuak. Bixente Martinez, Hasier Oleaga eta Amaiur Cajaraville.
- Zuzendariak. Aiert Beobide eta Unai Elizasu.
- Noiz eta non. Ekainak 2: Kulturleioa (Leioa, Bizkaia), 20:30ean; ekainak 17, Ondarruako Kafe Antzokia (Ondarrua, Bizkaia), 19:00etan; uztailak 1, San Agustin Kultur Gunea (Azpeitia, Gipuzkoa), 19:00etan.



