Presoen eta iheslarien eskubideen alde egin nahi duten guztiei zabalik dagoen egitasmoa da.

Egiako Herrira Bilgunearen aurkezpenean parte hartu zutenek egindako taldeko argazkia. (Argazkia: Maitane Aldanondo)
Presoen eta iheslarien eskubideen alde egiteko Egiako Herrira bilgunea aurkeztu zuten, asteartean, auzoko kultur etxean. Nerea Redondo, Nagore Astudillo, Nieves Ruiz de Gauna, Ainhize Vitoria eta Zuriñe Gonzalez arduratu ziren auzokideei egitasmoaren nondik-norakoak azaltzeaz. Besteak beste, ekimena sortzeko arrazoien, funtzionamenduaren eta plangintzaren berri eman zuten.
Aurretik zeuden ekimenetan oinarrituta, orain hilabete batzuk ekin zioten “euskal preso eta iheslari politikoak etxeratzea” lortzeko ahaleginari; eta asmo horrekin bat egiten duen edonori zabalik dago. “Herrira Bilgunearen baitan biltzen garen taldeek, eragileek eta lagunek ez dugu inolako loturarik alderdi edo erakunde politikoekin. Irekia dago nahi duen edonori”, nabarmendu zuen Redondok. Azken helburua lortzeko, lehenik, beste hainbat erronkari aurre egin beharko diete. “Dispertsioarekin eta bizi arteko kartzelarekin amaitzea, preso gaixoak kalera irtetea, eta isolamendu nahiz bakartzeak bukatzea lortu behar dugu”, zerrendatu zuten. Hori guztia erdiesteko egunerokoan urratsak egiteko “aktibatze soziala” ezinbestekotzat jo zuten. Redondok aitortu zuenez, “etxera ekarriko baditugu, guk, herriak egingo dugu”.
Egiako 10 presoen aldeko jarduna antolatzeko, koordinazio taldearekin batera, lau lantalde osatu dituzte: laguntza, auzoarekin harremana, propaganda eta Zoriondu ezazu taldea. Orain arte, urtean zehar egindako ekimenen bidez dirua bildu dute presoei eta hauen senideei laguntzeko. Orain, berriz, hilabetean 1.310 euroko kostua duen laguntza hori bermatu nahi dute egiatarren elkartasunaren bidez. Talde edo koadrila batek preso bati dagokiona ordaintzeko ardura har dezala, adibidez. Bestalde, auzoko harremanak indartuz, ahalik eta jende gehien bildu nahi duten ekintzetan; eta propaganda taldeak hauetarako kartelak, pankartak… prestatuko ditu. Azkenik, presoen urtebetetzeak aprobetxatuz, lerro batzuk idazteko aukera eman eta hauen egoerari buruzko informazioa banatuko dute. Iheslariekiko elkartasun bideei dagokienez, hauek erabakitzeke dituzte.
Bilgunearen aurkezpena datozen ekimenen berri emateko ere baliatu zuten. Ekainean, Elkartasun Astea egingo dute; eta uztailean, azken urteetan bezala, Kaxuelitak elkartasun menuak. Jatekoak prestatuz, lan eginez, edo menuak erosiz parte har daiteke. Ekitaldia amaitzeko, talde argazkia egin zuten.
Zabaltzen ari den egitasmoa
“Preso eta iheslariak etxera” aldarrikapenari helduta, urtarrilaren 9an egin zen manifestazio nazionalari begira indarrak biltzeko asmoz sortu zuten Egin Dezagun Bidea egitasmoa. Herrietan eta auzoetan lan eginez, herritar, eragile, eta egitura anitz elkartu zituzten. Manifestazio jendetsuaren ondoren, egitasmoa desegin, eta haren ildotik, Herrira sortu zen. Mobilizazio handietatik haratago, egunerokoan, herriz-herri eta auzoz-auzo, aldarrikapenari jarraipena emateko.
ELKARTASUN ASTEA
- Ekainak 7, osteguna. Enkartelada Plaza Berritik, 20:00etan. Ondoren, erakusketaren inaugurazioa.
- Ekainak 9, larunbata. Plaza Berrin, taloak, haur jolasak, musika… 11:00etan hasita; ekitaldia, 13:00etan; bazkaria Plaza Haundin, 14:30ean; eta guatekea, 20:00etan.
- Ekainak 11, astelehena. Ataramine “espetxe literatura” hitzaldia, 19:30ean. Tokia zehazteke.
- Ekainak 12, asteartea. Zu zara orain txoria poesia errezitaldi musikatua. Antxuenen, 19:30ean.
- Ekainak 13, asteazkena. Espetxetik plazara antzezlana. Plaza Haundin, 19:00etan.
- Ekainak 14, osteguna. Irrien Lagunak eta txokolate jatea, 18:00etan. Enkartelada berezia Plaza Haunditik, 20:00etan.
- Ekainak 7tik 15era. Presoen eskulanen erakusketa. Egia kultur etxean, 17:00etatik 21:00etara.
Groseko topalekua orain egun gutxi aurkeztu dute
Gros auzoak ere badu bere Herrira Bilgunea. Hilaren 19an aurkeztu zuten Okendo kultur etxean, baina honek ere hilabeteak daramatza auzoko 12 presoen eskubideak errespeta daitezen eskatzen eta asmo horren inguruan indarrak batzen. Irailetik urtarrilera bitartean Egin Dezagun Bidea ekimenaren barruan jardun zuten, eta manifestazioaren ondoren, ildo beretik sortu zen Herrira mugimenduarekin bat egin zuten. Orain arte auzoan presoen alde egin diren dinamika guztiak babesteaz gain, horiek indartu nahi dituzte, hala nola, Pinares plazan asteazkenero egiten duten presoen aldeko enkartelada. Antolatutako ekimenen artean, indartsuena, maiatzean aurrera eraman duten Elkartasun Hilabetea izan da.