Botilako sagardorik onena zein den erabakiko dute larunbatean
Bost sagardogile izango dira lehian, Gipuzkoako Foru Aldundiaren IX. Sagardo Lehiaketako finalean
Gipuzkoako Foru Aldundiaren IX. Sagardo Lehiaketako finala jokatuko dute larunbatean, 12:00etan. Donostiako Euskal Gastronomia Elkartea izango da finalaren lekuko, bertan, bost sagardo etxe izango direlarik lehian: Altzueta, Gartziategi, Itxasburu, Ola eta Urdaira. Irabazleak 3.000 euroko saria jasoko du, baita txapela eta garaikurra ere. Bigarren postuan geratzen denak, 1.500 euro eta garaikurra jasoko ditu, eta hirugarrenak, berriz, 1.000 euro eta garaikurra. Garaikur horiek Ibaetako Kanpoeder baserriko Jesus Maria Garmendia artisauak egindakoak izango dira.
Aldundiaren helburua, txotx denboralditik kanpo, botilako sagardoaren garaia hasiko den honetan, sagardoaren kontsumoa bultzatzea da. Guztira, 27 sagardogilek parte hartu dute lehiaketan, eta esan bezala, horietako bost hautatu dituzte finalerako. Hala, hamar lagunek osatutako epai-mahaiak erabakiko du zein den onena.
Elkartekoak eta Gorenak
Finalera iristea lortu duten bi sagardotegi Gorenak taldeko kideak dira: Gartziategi eta Altzueta. Gainontzekoak, berriz, Itxasburu, Ola eta Urdaira, Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko kideak dira. Gainera, horietako bi, Itxasburu eta Ola, eusko label kalitatea duten sagardoak dira.
Prentsaurrekoan aipatu zuten moduan, «onenak irabaz dezala».



