Hiriak autobus geltokia izan dezan bat egin dute udal taldeek

Ernesto Gascok Atotxako kokapenaren aldeko argudioak plazaratu zituen osoko bilkuran. (Argazkia: Mikel Goñi)
Gehiengoak erabakitakoa errespetatuko duela esan du Bilduk; Atotxako kokagunea, barne
Oposizioko hiru udal taldeek ez dute autobus geltokia Loiolako Erriberan eraikitzearen alde egin. Hortaz, Bilduk PSE-EEk aurkeztutako mozioaren alde bozkatu behar izan du, Donostiak autobus geltokia izan dezan. Hain zuzen ere, Loiolako Erriberako kokalekua behin baztertuta, PSE-EEk egitasmoa Atotxan egin dadila eskatu du, lanak lehenbailehen has daitezen. Eta proposamena aho batez onartu dute. Hori bai, udal gobernuak zehaztu du lanak ezin direla berehala egin, ingurumen azterketa falta delako eta Adifekin izapide batzuk argitzeko daudelako. Batzorde bat eratuko dutela aurreratu du, proiektua bideratzeko.
Erabaki garrantzitsu hori hartu baino lehen, eztabaida izan da; Loiolako Erriberako kokagunearen alde edo kontra bozkatu beharra baitzegoen, Etorkizunean, Loiolako Erriberan EuskoTreneko eta Renfeko geltokiak egiten direnean, damutzeko aukerarik ez dela egongo esan die Ricardo Burutaran Hirigintza zinegotziak oposizioari, honek kontra bozkatu duelako.
Udalbatzak, bada, «azpiegitura txiki, endredo gehien eragingo duen, hazteko aukera gutxien izango duen eta intermodalitate osorik izango ez duen geltokiaren» alde egin du, Burutararen esanetan. Argudio horiek, aldiz, ez dira oposizioaren botoa aldatzeko nahikoa izan. Are gehiago, Ernesto Gasco PSE-EEko bozeramaileak eta Ramon Gomez PPko bozeramaileak Bilduko kideek Loiolako Erriberako geltokiaren alde egindako aurkezpenak «iritziz aldatzeko baino iraintzeko» izan direla salatu dute.
«Oposizioko alderdiko kideak jakitun dira ez direla hiriarentzako aukerarik onenaren alde egiten ari», esan du Juan Karlos Izagirre alkateak. Zergatik egiten dute, orduan, Atotxaren alde? «Adifi aparkatzeko 700 toki oparitu nahi dizkiote Abiadura Handiko Trena Atotxara iristeko», azaldu du Izagirrek.
Ramon Gomezi, gainera, Bildurekin batera adostasun batera heldu direla erakutsiko lukeen argazkirik ez egiteko agindua dutela leporatu dio alkateak. Hasiera batean, Loiolako Erriberako proposamena aurrera ateratzeko PPren eskutik egin zutela gogora ekarri du. «Loiolako Erriberaren alde egiteko PPk jarritako bi baldintzak Karlos I. hiribideko sarbidea deuseztea eta Marrutxipin saihesbide zaharrarekin lotura egitea ziren eta bete ditugu; Donostialdeko Metroaren alde egitea ez zen baldintzetako bat», adierazi du alkateak.
Juan Karlos Izagirrek ere Ernesto Gascoren jokabidearen kontrako hitzak izan ditu. Eusko Jaurlaritzak AHTaren karietara egindako azterketa Loiolako Erriberako egitasmoa zapuzteko baliatzea «erakunde desleialkeria» dela adierazi du alkateak. Era berean, udal langileen lana zikindu nahi izatea kritikatu du Juan Karlos Izagirrek.
PSE-EEk mahai gainean jarri dituen azterketak direla eta, txosten teknikoak direla erantzun du Ernesto Gasco PSE-EEko bozeramaileak; «guk zientzia defenditu dugun bitartean, zuek (Bildu) zaborra defenditu duzue», salatu du. Proposamen batekin «tematu» direla eta beste lau urtez autobus geltokirik gabe egoteko arriskua dagoela ohartarazi du. «Gaur, bihar ezta 2016an ere autobus geltokirik ez izateko ahalegindu dira», erantsi du, Bilduk euren mozioaren alde egin aurretik.
PPko Ramon Gomezek autobus geltokiaren inguruan egin diren bozketetan Atotxaren alde egin dutela baieztatu du. «Aurreko agintaldi bukaeran Atotxako proiektua esleitzearen alde egin genuen, baita agintaldi honetako bozketetan ere». Hasiera batean egin zuten apustuak, gainera, egungoarekin zer ikusirik ez duela gaineratu du. «Beste lursail batean egingo zen (Eusko Jaurlaritzak Loiolako Erriberan duen lursaila) eta intermodalitatea ziurtatuta zegoen Abiadura Handiko Trena bertan geratuko zelako eta Renfeko eta Donostiako Metroko geltokietara heltzeko lotura izango zuelako; hori guztia egun ez da posible», jakinarazi du Gomezek.
Sare sozialetako kanpaina PPko bozeramaileak, bestalde, Bilduko zinegotzi eta aholkulariek sare sozialetan egindako kanpaina kritikatu du. Donostiako ezker abertzaleak autobus geltokiaren inguruan kaleratu duen eskuorriaren kontra egin du, halaber; oposizioko udal ordezkariak «iraindu» baitituzte.
Eneko Goia EAJko bozeramaileak, era berean, oposizioko kideen iritzia aldatzeko «indarpean» egin duten saiakera salatu du. Atotxaren alde egiteko AHTaren geltokiaren kokapen aldaketa «erabat funtsezkoa» izan dela nabarmendu du bozeramaile jeltzaleak. «Behin eta berriz galdetu genuen AHTa Loiolako Erriberan gelditzeko aukerarik ote zegoen eta ezetz erantzun zuten», dio. Hori dela eta, Atotxaren aldeko hautuari eutsi diote.
Hauteskunde kanpainan ere «Atotxaz hitz egin» zutela erakutsi du Goiak, hauteskunde programa eskutan hartuta. Bilduk, berriz, «hauteskunde kanpainan txintik ez zuen esan», dio. Hala nola, egungo Mugikortasun zinegotzia aurreko agintaldian Alternatibako kidea zela eta orduan talde horrek, Elorzaren gobernuko gainontzeko kideekin batera, Atotxaren alde egin zuela ekarri du gogora. Eneko Goiarentzat, honenbestez, «eztabaida itxita dago». Era horretan, lanari ekiteko eskatu du.


