Iñaki Gurrutxaga (EAJ):«Urtebetean ekarri den hirigintza proposamenik garrantzitsuena da»
Urumeari bizkarra erakusteari uzteko eta Martutene eraldatzeko unea dela adierazi du EAJko zinegotziak
Udalbatzak aho batez onartu du Urumean uholdeak ekiditeko neurriak hartu ahal izateko Plan Orokorra aldatzea. Portutxo, Sarroeta eta Trinkete eremuetan ezer ez ukitzeko agindua ezarrita zegoen eta agindu hori bertan behera utzi dute udal zinegotziek. «Urtebetean ekarri den hirigintza proposamenik garrantzitsuena da», goraipatu du Iñaki Gurrutxaga EAJko zinegotziak.
Martutene berri baten hasiera izango dela azaldu du Gurrutxagak. Zinegotzi jeltzaleak eta PPko Jose Luis Arruek Urumeari bizkarra erakusteko unea amaitu dela baieztatu dute, era berean. Hiriak «ibaiarekin bat egin» behar duela esan du Arruek. Gurrutxagaren ustez, Urumea izango da hiriaren etorkizuneko bizkarrezurra: «Martuteneko eraldaketari, Txomin Eneako auzune berria, Tabakalera, AHTren geltokia eta autobus geltokia erantsiko zaizkio».
Aurrerantzean emango diren pausoak finkatzeko auzotarren partaidetza sustatuko dutela ziurtatu du Ricardo Burutaran Hirigintza zinegotziak. «Erakunde eta herritarrak elkarlanean ariko dira», dio.


