Ricardo Burutaran: «Loiolako Erriberan abantaila asko ikusten ditugu eta gabezia larriak Atotxan»
Inork zalantzarik balu, Ricardo Burutaran Bilduko Hirigintza zinegotziak argi adierazi du: «Autobus geltokia Atotxan egingo dugu». Atzoko udalbatzarrean, oposizioak azpiegitura Loiolako Erriberan egiteko aukera baztertu ostean, Atotxan egiteko konpromisoa hartu zutela gogoratu du. Atzo berretsi eta aurretik ere horrela agindu zutela gaineratu du Burutaranek. Halere, «Loiolako Erriberan abantaila asko ikusten ditugu eta gabezia larriak Atotxan», zehaztu du Burutaranek. Makinak, dena den, oraindik ezin direla Atotxan sartu nabarmendu du. Lanei ekiteko oraindik hainbat izapide bete behar direla zehaztu du eta horretarako lanean ari direla ziurtatu du: «Gauzak ondo eta azkar egin nahi ditugu», esan du.