Royal Liverpool orkestrak irekiko du Kursaaleko musika klasiko denboraldia

Bost kontzertuk osatuko dute egitaraua, eta sarrera arruntak irailean jarriko dituzte salgai Kursaal Fundazioak bere Musika Klasikoko 13. denboraldia aurkeztu du. Guztira, bost kontzertu osatuko dute 2012ko urriaren eta 2013ko urtarrilaren arteko egitaraua. Royal Liverpool Philarmonic Orchestrak inauguratuko du denboraldia, urriaren 20an, Vasily Petrenkoren zuzendaritzapean. Ottavio Dantonek zuzenduko du Accademia Bizantina, azaroaren 30ean. Gainera, Viktoria Mullova errusiar biolin-jotzaileak debuta egingo du Auditorioan, J. S. Bach-en BWV 1041, 1060, 1053 eta 1042. kontzertuak eskainiz. Abenduaren 9an, Maria Joao Pires pianistak eta Antonio Meneses biolontxelistak kontzertua eskainiko dute. Antolatzaileen arabera, horixe izango da denboraldiko emanaldi indartsuenetakoa. Urteko azken kontzertua Suediako Ganbera Orkestrak emango du abenduaren 14ean, Thomas Dausgaard zuzendariarekin eta Nina Stemme sopranoarekin batera. 2013ko urtarrilaren 12an amaiatuko da musika klasiko denboraldia, Orfeo 55 orkestrarekin. Denboraldiko txartelen salmenta abuztuaren 30a eta irailaren 1a bitartean egiteko aukera egongo da. sarreren salmenta, berriz, irailaren 11n irekiko dute, 11:30ean. Salmenta guneak: Telekutxa, eta Kursaaleko eta Viktoria Eugenia Antzokiko leihatilak.
HITZAkide HITZAkide