Etxadi kiroldegiko langileek greban jarraitzen dute

Sei langileren subrogazioa eskatzeko, 1.400 sinadura baino gehiago batu dituzte orain arte

Etxadiko kiroldegiko langileak herenegun hasitako grebari eusten diote. Ondarretako Tenis Elkarteak ekainaren 16tik aurrera kiroldegia kudeatzeari utziko dio eta Donostia Kirolak hartuko du ekipamenduaren ardura. Aldaketa horren ondorioz mantenu zerbitzuko eta harrerako sei langile kalean geratuko direla salatu dute. Langileok Etxadin ariko diren udal langileen taldean subrogatzeko eskatzen diote udalari. Herritarren babesa lortzeko sinadurak biltzen ari dira eta orain arte 1.400dik gora batu dituztela adierazi dute.

Grebak kiroldegiaren funtzionamenduan gorabeherak eragin dituela jakinarazi dute protestan ari diren langileek. Mantenuko langilerik ez dagoenez, eraikin barruko tenperatura 21-23 artekoa izan beharrean 30eko muga gainditzen duela adierazi dute. Era berean, kloro mailaren jarraipenik egiten ez denez, «arriskutsua» izan daitekeela diote. Uretan sartutako ume bati azalean orbanak atera zaizkiola azaldu dute. Egoera hori dela eta, hainbat ikastaro bertan behera geratu dira eta erabiltzaile kopuruak behera egin du.

HITZAkide HITZAkide