Gaur egingo dute eguzki oihalen zozketa Atano III. pilotalekuan
«Sekulako nahaste-borrastea eragingo du», adierazi du Ramon Gomez PPko bozeramaileak
Gaur, 12:00etan, zoriak erabakiko du hiru hondartzetan jarriko dituzten eguzki oihalak nori egokituko zaizkien. Atano III.a pilotalekuan izango da zozketa, eta 1.521 eguzki oihal zotz egingo dituzte: Ondarretan, 820; Kontxan, 440; eta Zurriolan, 261. Hurrengo hiru urteetako hondartza sasoia eguzki oihal azpian igaro ahal izateko 5.555 lagunek egin dute eskaera.
Ramon Gomez PPko bozeramaileak iragarri duenez, «sekulako nahaste-borrastea eragingo du zozketak». Zein hondartzan bai, baina eguzki oihala zein gunetan izan erabakitzeko aukerarik ez dagoenez, askok eguzki oihalari uko egingo diotela zehaztu du. Aldaketak egin ahal izateko herritarrek ekainaren 8an dutela azken eguna gogoratu du. Ramon Gomezen ustez, «epea hain da laburra jendeak ez duela jakingo zerbitzua abian jartzen denean –ekainaren 15ean– eguzki oihala non duen ere».

