«Brucen kontzertuak mesede handia egin digu», dio Aspagiko Fran Gonzalezek



Hotelak asteburuan %95 bete direla jakinarazi du hoteletako ugazaben elkarteko presidenteak

Uda giroa bapatean iritsi zela ematen zuen. Kaleak jendez gainezka eta giro aparta zegoen Parte Zahrrean nahiz Amarako kaleetan. Eguzkiak eta urtaro aldaketak, ordea, ez zuten hiria eraldatzeko indarrik izan oraingoan; Bruce Springsteen nahikoa izan baitzen hiriko taberna eta hotelak bisitariz betetzeko. Kalerik kale jasotako pertzepzioa Donostia Turismoko, Gipuzkoako Ostalarien Elkarteko eta Aspagi hoteletako ugazaben elkarteko ordezkariek berretsi dute. «Bruce Springsteenen kontzertuak mesede handia egin digu», adierazi du Fran Gonzalez Aspagiko presidenteak. Jende asko ibili dela baieztatu du Kino Martinez Gipuzkoako Ostalarien Elkarteko idazkari nagusiak, era berean.

Donostia Turismok datu zehatzik kaleratu ez badu ere, «atzerritar asko» ibili dela ziurtatu dute erakundeko ordezkariek. Aspagiko Fran Gonzalezek hotelak «bete» egin direla adierazi du. Bete eta logelak prezio altuan eskaini dituztela nabarmendu du. Okupazio maila hirian %95 inguruan egon dela kalkulatu du. Kontzertuak hirian ez ezik inguruko herritako hoteletan ere eragina izan duela erantsi du: «Beteta zeuden hotel batzuetatik inguruko hoteletara aritu dira bisitariak bideratzen».

Egungo egoeran, beraz, New Jerseyko abeslariaren ikuskizuna pizgarria izanda. Kino Martinezek Anoetan Biarritz Olympique eta Aviron Baiyonnais euskal taldeek jokatu dituzten partidek izan duten eraginarekin parekatu du; bertako zaleak bakarrik ez, kanpotik ere jende asko heldu delako. «Madrilen emango duen kontzerturako berehala agortu ziren sarrerak; hori dela eta, Madril, Valladolid, Asturias eta Galiziatik jende asko etorri da», erantsi du. Gipuzkoako Ostalarien Elkarteko idazkari nagusiak ere ez zuen Springsteen aurrez aurre ikusteko aukera galdu eta inguruan galiziar asko zituela nabarmendu du.

Lauhileko «eskasa»

Azken hilabeteetan, «okupazio eta prezioen beherakada» nagusi izan dela jakinarazi du Gonzalezek. Kino Martinez zorrotzagoa izan da, azken lauhilekoa «eskasa» izan baita ostalarien elkarteko ordezkariarentzat. Urteotako okerrena izan dela uste du, «nahiz eta maiatzeko zubian egoerak hobera egin». Martinez, dena den, baikorra da, eta ez dute uste uda txarra izango denik: «Alemania, Frantzia eta inguruko herrialdeak zulotik ateratzen ari dira eta Espainian egoera oraindik zaila denez, barruko kontsumoa nagusituko da». Egoera politikoa ere lagungarri izango dela erantsi du.

HITZAkide HITZAkide