J. Ramon Mendizabal, Donostiarrako entrenatzailea
Neguko hilabete gogorretan egindako lana erakutsi beharko du laster Donostiarra Kaiarribak; lehen taldearen helburua ez da makala, TKE Ligara igotzeko lehian sartu nahi baitu.

(Argazkia: Mikel Goñi)
Joan den asteburuan jokatu zuen Ligatik kanpoko hiru estropadetako lehena
Torrekua traineruak, Lekeition. KAE-1 Ligari, ordea, ekainaren 23an ekingo dio, eta taldearen egoeraren berri eman dio IRUTXULOKO HITZAri Jose Ramon Mendizabal entrenatzaileak (Parte Zaharra, 1955).
Arraunlari berriak dituzuen arren, iazko taldearen gehiengoa mantentzea lortu duzue. Zer moduz dago taldea momentu honetan?
Taldea hitz batean definitu beharko banu, ilusioa nabarmenduko nuke; baina lehia oraindik ez denez hasi, urduritasun apur bat ere badago. Ea non egongo garen ikusteko irrikitan gaude, gure benetako maila zein den jakiteko. Taldea oso itxura ona ematen ari da; trainerua iaz baino azkarrago dabilela uste dugu denok. Ea noraino irits gaitezkeen.
TKE Ligara igotzeko play offean sartzea jarri duzue helburutzat. Eta lortzen ez baduzue?
Proiektua abian jarri genuenean, Ligako zazpigarrenak izan ginen, bigarren urtean, seigarrenak, eta iaz, bosgarrenak. Aurten, goranzko bidean jarraitzen badugu, Ohorezko Txandan aritzeko garaia da. Behin Ohorezko Txandan sartuta, estropada dezente dituen Liga denez, aukera izango dugu
play offean sartzeko, edo gutxienez, helburu gorenagoengatik borrokatzeko. Nik uste dut lehian ibiltzeko moduan gaudela, eta ea zer gertatzen den. Umiltasunez jarraituko dugu, baina, momentuz, Ohorezko Txanda jarri dugu helburutzat.
Aurten zerbait gehiago lortu behar duzuela sentitzen duzue?
Bai, baina presioa eramaten jakin beharra dago. Errazena, inork ez estutzea da, baina hau kirola da, eta jende asko dago gure atzetik. Proiektuan sinetsi dutenek tentsioa sortzen digute, baina ohitutzea da kontua.
Zein talderekin espero duzue lehen postuengatik borrokan aritzea?
Zalantzarik gabe faboritoa Orio da. Taldea asko hobetu du eta dagoen mailan baino gorago egoteko moduan dago. Ondoren, badaude pareko talde batzuk, Santurtzi, Isuntza, Zarautz eta gu; eta beste talderen bat ere gertu ibiliko dela pentsatzen dut. Bagaude lauzpabost talde borrokan ibili beharko garenak, eta multzo horren goikaldean ibiltzea espero dugu. Liga batean azkenean hamar estropada baino gehiago izaten dira, eta beti izan dezakezu zure aukera.
Guztien buruan dago iaz Kontxako Estropadan lortu zenutena. Ez da erraza izango halako zerbait errepikatzea, ezta?
[barreak] Bai, iaz gertatu zena gertatu zen. Badakigu merezimendu osoko Kontxa egin genuela, baina ez emaitzari begira, itsasoaren egoerak eragina izan baitzuen. Hala ere, taldearen jarrera zegokionaren maila baina hobea izan zen. Kontxako postu hori errepikatzea oso zaila izango dela pentsatzen dut. Ez dut ukatuko gonbidatuta dagoen Donostiarra merezi duen mailan egongo denik, eta gutxienez lehiatuko den traineru horietatik gertu ibiliko dela, oso atzean geratu gabe.
Zaleek bat egin dute Donostiarrarekin, asteburuan izandako aurkezpenean: Donostiarra Kaiarriba Arraun Elkarteak bere bi koadrilen aurkezpena egin zuen larunbatean. Kaian bildu ziren arraunlariak eta klubeko arduradunak, eta zaleek ere ez zuten hutsik egin. Giro ederra izan zen, pintxoak, sagardoa, musika eta bertsolariak tarteko.
Alberto Goitiak, Donostiarrako presidenteak, guztien aurrean hitz egin zuen. «Azarotik lanean ari da taldea, eta ziur KAE Ligako lehen postuetan egoteko borrokatuko duela. Ea play offean sartzea ere lortzen dugun», adierazi zuen Goitiak. Hala ere, badaki ez dela lan erraza izango. «Hiru hilabetetan jokoan egongo da urte guztiko lana», gehitu zuen. Bide batez, jarraitzaileei eskerrak eman zizkien presidenteak, eta 30 euroko kuotaren truke, bazkide egiteko deia zabaldu zuen. Ondoren, Juan Karlos Izagirre alkateak hitz egin zuen. «Aurten erronka polita duzue eskuartean, eta ea denon laguntzarekin TKEra iristea lortzen duzuen. Nik uste dut momentua iristear dagoela, eta ea zortea duzuen», aipatu zuen Izagirrek.

Donostiarraren aurkezpena egin zuten larunbatean, Kaian; eta klubeko arraunlariek eta arduradunek argazkia atera zuten elkarrekin. (Argazkia: Mikel Goñi)
Donostiarra Kaiarriba, Taldekideak
- Iñaki Andonegi /Jaiotze urtea. 1975 / Jaioterria. Gros.
- Aitor Aranegi /Jaiotze urtea. 1989 / Jaioterria. Parte Zaharra.
- Oskar Artola / Jaiotze urtea. 1985 / Jaioterria. Hondarribia.
- Garikoitz Azkue / Jaiotze urtea. 1973 / Jaioterria. Aiete.
- Iñigo Collazo / Jaiotze urtea. 1985 / Jaioterria. Antigua.
- Arkaitz Diaz(Patroia) / Jaiotze urtea. 1983 / Jaioterria. Loiola.
- Julen Durandegi
- Joseba Etxabe / Jaiotze urtea. 1982 / Jaioterria. Hernani.
- Unai Elizasu /Jaiotze urtea. 1980 / Jaioterria. Altza.
- Jon Enbil / Jaiotze urtea. 1988 / Jaioterria. Igeldo.
- Miguel Angel Enriquez / Jaiotze urtea. 1979 / Jaioterria. Errenteria-Orereta.
- Ander Iriarte / Jaiotze urtea. 1986 / Jaioterria. Intxaurrondo.
- Ekain Iriarte / Jaiotze urtea. 1982 / Jaioterria. Intxaurrondo.
- Oier Iurramendi / Jaiotze urtea. 1990 / Jaioterria. Hernani.
- Mikel Kortadi / Jaiotze urtea. 1976 / Jaioterria. Pasaia.
- Loren Jauregi
- Alain Osanbela / Jaiotze urtea. 1985 / Jaioterria. Intxaurrondo.
- Jon Sardon / Jaiotze urtea. 1985 / Jaioterria. Intxaurrondo.
- Ibai Sistiaga / Jaiotze urtea. 1989 / Jaioterria. Pasaia.
- Garikoitz Tolosa / Jaiotze urtea. 1982 / Jaioterria. Pasaia.
- Oskar Villar
- Nikolas Yurramendi / Jaiotze urtea. 1991 / Jaioterria. Parte Zaharra.
- Xabier Zabala, Bixkar / Jaiotze urtea. 1974 /Jaioterria. Loiola.
KAE-1 Liga: Egutegia
- Ekainak 24. Elantxobeko XXV. Bandera.
- Uztailak 7. Santurtziko Udaleko XXXIII. Bandera.
- Uztailak 14. Donostiarra-Kaiarriba V. Bandera.
- Uztailak 21. Camargoko Udaleko XXII. Bandera.
- Uztailak 28. Getariako III. Estropada.
- Uztailak 29. XXVII. El Correo Bandera-BBK Sari Nagusia.
- Abuztuak 4. Orioko XXII. Estropada.
- Abuztuak 11. Ondarroako XXVIII. Bandera.
- Abuztuak 12. Hondarribiako XVII. Estropada.
- Abuztuak 15. Zarauzko III. Bandera.
- Abuztuak 19. Bilboko XXXV. estropada.
- Abuztuak 25. Santoñako Udaleko XLII. Bandera.