Postrerako... Txuri Urdineko izotza!
Hain zuzen ere, joan den ostiralean Bidebietako institutuko ikasleek egindako txangoa 8. Postre Dastatzean parte hartzeagatik izandako saria izan zen. Jateko gozoenen moduan, ordain hau iristeko itxaron egin behar izan dute gazteek. Bigarren hiru hilekoaren bukaeran izan zuten hezkuntza zentroko kideek 14 herrialdetako ehunetik gora postre ezberdin probatzeko aukera; Txuri Urdinerako bisita, berriz, ikasturtearen bukaeran.
Itziar Ansa irakasleak azaldu zuenez, ekimenak hainbat gauzatarako balio du. Jai giroa ematen dio bigarren hiruhilekoaren bukaerari, ikasketa zentroan dagoen aniztasuna nabarmentzen du, eta familien parte hartzea lortzen du. «Kasu gehienetan, familiek lagundu dute ikasleek ekartzen duten postrea egiten». Institutuko ikasle guztiei ematen zaie Postre dastatzera zerbait eramateko aukera. Dena den, Ansak zehaztu du; «derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleak dira ekartzen dutenak». Azken burukoak bilduta, ekartzeko gonbitea onartu dutenek besteak probatzeko lehentasunezko aukera izaten dute.
Hori ez da postre emaileek duten abantaila bakarra, Txuri Urdinera antolatutako irteera, horiek bakarrik joan baitaitezke. Ikasle sukaldariek postreak dastatu eta gero, gainontzeko ikasleei ematen zaie aukera ikaskideen lanaz gozatzeko. «Oso ondo hartzen dute, eta oso lasai. Hau egiten den zortzigarren urtea da, eta soberan dagoela ikasi dute».
Kolonbia, Txina, Errumania, Galizia… guztira 14 bat herrialdetako gastronomia gozoaren ehun bat lagin zeuden dastalekuan. Anana brotxetak, torrijak, Santiago tarta, arroz esnea, arrautza-ogia… Dastatzean falta zirenak, ordea, izozkiak izan ziren. Izan daiteke, agian, Txuri Urdinean dagoen ur izoztua probatuko zuten susmoa zeukatelako. Azken batean, postrerako… izotza!
- (Argazkia:Mikel Goñi)
- (Argazkia:Mikel Goñi)
- (Argazkia:Mikel Goñi)
- (Argazkia:Mikel Goñi)





