Naturaren sekretuak arakatzera bultzatuko du Aste Berdeak
Hitzaldiak, bisita gidatuak, sari banaketa ekitaldiak eta beste hainbat jarduera antolatu dituzte
Ingurumenaren Nazioarteko Eguna da gaur. Cristina Enea Fundazioak jokabide iraunkorrak sustatu eta gizakia naturarekin bat egiteko proposamenak urte osoan zehar garatzen baditu ere, Nazio Batuen Erakundeak 1972. urtean izendatutako eguna baliatu eta herritarrak sentsibilizatzeko ahalegina indartuko dute aste honetan. Aste Berdea izendapenaren baitan, hitzaldiak, bisita gidatuak, sari banaketa ekitaldiak eta beste hainbat jarduera antolatu dituzte.
Ostegunean, urtero hiriko ingurumena zein egoeratan dagoen deskribatzen duen iraunkortasun txostena aurkeztuko dute. Uraren eta airearen kalitatea, kutsadura akustikoa… 47 adierazle aztertzen ditu txostenak. Uraren kalitateak, esaterako, hobera egin duela aurreratu du Txema Hernandez Cristina Eneako zuzendariak. «Txostenak, baina, hiriak zertan okertu eta hobetu duen zehaztearekin batera, arrazoiak aztertzen ditu; aldaketen nondik norakoak ezagutzeko tresna baliatsua da», esan du.
Eguraldiak lagun, Aste Berdeak Egiako parkeko sekretuak arakatzen lagunduko du. Lehenengo ibilaldia ostegunean egingo dute , 18:00etan. Pauma eta zuhaitz ederrez gain, Egiako parkeak beste hainbat altxor gordetzen dituela ziurtatu du Hernandezek.
Egiako parkeko bizilagunen istorio bitxi gehiago ezagutu nahi dituztenek larunbatean izango dute beste aukera bat. Largabista basozainarekin, Marisorginekin eta Irrien lagunak osatzen duten gainontzeko kideekin naturak biltzen duen magiaz zipriztinduko dituzte parkera hurbiltzen diren herritar guztiak.
Egitaraua
Gaur, 19:30ean, Koldo Mitxelenan. Arcadi Olivaresen hitzaldia: Medio ambiente, globalizacion y crisis economica.
Bihar, 19:00etan Koldo Mitxelenan. Juan Antonio Gonzalez Alcantuden hitzaldia: Las inundaciones fluviales, entre la catastrofe natural y el control social.
Etzi, 18:00etan, Egiako parkean. Parkeko altxorrak ezagutzeko ibilaldia egingo dute.
Larunbatean, 17:00etan, Egiako parkean. Naturaren sekretuak ezagutzeko aukera egongo da Irrien Lagunekin.
Igandean, 11:00etan, Ingurumen Baliabideen Etxean. Cristina Eneako IV. Ingurumen Ipuin Lehiaketaren sari banaketa ekitaldia. Bizikleta izan dute partaideek aurtengo gai nagusi.


