Lehertu, eta egonkortu
Poteo elegante izenekoa ostiralean, 19:00etan, egingo dute; segizioan parte hartzen duten dotore jantzitako larratxotarrek prezio erdian izango dute edaria auzoko tabernetan; jateko modakutxoa, berriz, debaldekoa izango da haientzat, Txirritako Txuri Urdinak futbol lagunarteak horretara gonbidatuko dituelako.
Iaz jaiei emandako bultzadak aurten mantenduko da. Hori dela eta, primerako harrera izan zuten hainbat ekitaldi errepikatuko dira datozen egunetan. Besteak beste, larunbatean egingo diren II. Inauteri erakustaldia –18:00etan–, zein eguerdiko II. Paella lehiaketa. Norgehiagoka gastronomiko honetan, puntako epailea izango da; izan ere, Juan Mari Arzak sukaldariak bertan izango dela adierazi baitu.
Larratxora itzuliko da ere Deabru Beltzak antzerki eta animazio taldea. Aurten Suzko danborrak ikuskizuna ekarriko du, eta larunbateko gaua zarataz eta kolorez beteko du, kontzertuak hasi baino lehenago. Larratxon ohikoa den moduan jaiak Amaierako Trakarekin bukatuko dira, igandean, 21:30ean.

