Enplegu Azoka: Lan beharrek bat egiteko bilgunea

Donostiako Sustapenak antolatutako Enplegu Azokak ateak ireki ditu Igarako Cemei eraikinean. Bi egunetan, 436 postu betetzeko mila elkarrizketa baino gehiago egingo dituzte.

Cemei eraikinaren harrerako lan eskaintzak ikusi edo hauetan izena ematera lagun asko bertaratu zen atzo. (Argazkia: Maitane Aldanondo)

Lanerako aukera baten bila. Hala joan ziren atzo lagun asko Igarako Cemei eraikinera. Donostiako Sustapenak antolatutako Enplegu Azokak ateak ireki zituen goizean, eta gaur itxi arte, lanpostu baten bila dozenaka pertsona bertaratuko dira. Batzuk elkarrizketa egitera; eta, beste batzuk, lan eskaintzen berri izatera. Azokaren lehen orduetan, laugarren solairuko itxaron gelan, hogei bat lagun zeuden euren txandaren zain. Telefonoari begira, curriculama errepasatzen, oharrak begiratzen… ahal bezala arintzen zuten itxaronaldia. Inguruko geletan, horma berde artean, enpresetako arduradunek bata bestearen atzetik elkarrizketak egiten ari ziren. Zorionekoak direnek, eskaintzen diren 436 postuetako bat eskuratuko dute. Besteei, ereindako haziak aurrerago fruitu emateko esperantza geldituko zaie. Enplegu Azokaren xedea zubi lana egitea da; langileak behar dituzten enpresarien eta lan bila dabiltzanen bilgunea izatea. Donostia Sustapenak 1.124 lagunen eskaerak bildu ditu azken hilabetean; eta mila elkarrizketa baino gehiago hitzartu ditu azokak iraungo duen bi egunetarako. 42 enpresek aurkeztu dituzte eskaintzak, baina 31k egingo dituzte elkarrizketak. Horietako bat, Altran da. Teknologiaren eta Berrikuntzaren alorreko aholkularitza lana egiten duen enpresak urteak daramatza azokan parte hartzen. Altraneko Montserrat Delgadok hitzordu zerrenda luzea zuen, atzo. Ingeniari mekaniko bat eta elektroniko bat nahi dituzte, ingelesaz gain, “bigarren edo hirugarren hizkuntza dakiena: frantsesa, alemana edo txinera”. Elkarren berri izatea da lehen elkarrizketaren xedea, eta egokiak direnekin, gero beste hitzordu bat zehaztuko zutela argitu zuen Delgadok. “Pertsonak bilatzen ditugu, aholkularitza zerbitzuetan gakoa pertsona da”. Txanponaren beste aldean daudenen egoera ez da samurra, eta askok horren berri ez ematea nahiago dute. Hitz egitera animatu zen Añorgako Xabier, baina ez zuen bere abizena eman nahi izan. Ostalaritza alorrean hamabi bat urtez aritu ondoren, langabezian darama urtebete. Elkarrizketa egin zuen zerbitzari laguntzailea izateko eta, amaitzean, nahiko baikorra zen. “Ongi joan da. Pertsona atsegina zen eta inpresio ona eman dit”. Lana aurkitzeko “une ona” dela uste du, baina lasai hartzen du. “Aurkitu ez badut, bilatu ez dudalako da. Atsedena hartu eta nire burua zaintzen ari naiz, aurreko urteak oso gogorrak izan baitira, lanordu askorekin”, aitortu zuen. Aniztasuna nagusi Goiko elkarrizketa gunera igo gabe, harreran zintzilikatutako eskaintzei begira aritu zirenak ere asko izan ziren. Curriculuma prest eta boligrafoa eskuetan, inprimakia osatzeko posturen baten bila zebiltzan. Gehienez, hiru curriculum utzita joan ziren batzuk, beste batzuk, ordea, bat bera ere ez. Oholeko eskaintza, anitza: komertziala, aisialdi dinamizatzailea, modeloa, zerbitzaria, medikua, abokatua, erizaina… Eskaeraren bolumena “egoera ekonomikoaren adierazgarria” dela uste du Sustapen zinegotzi Josu Ruizek; hautagaien profila ere ugariagoa dela ere nabarmendu zuen, “beharra handiagoa denean gertatzen den bezala”. Udalak langabezia arazoa arintzeko abian jarri duen Ekonomia Sustatzeko Planaren osagaietako bat da Enplegu Azoka. Honen emaitzak neurtzeari buruz Sustapen zuzendari Euken Sesek ondokoa uste du: “Enpresak denbora eta ahalegina jartzen ari dira hautagaiak aukeratzeko, baina garrantzitsuena ondorengo balantzea da, hemendik sortzen den kontratu kopurua”. Urteko lehen azoka da, eta udazkenean beste bi egingo dituzte. Bata, Altzan; eta bestea, Cemein.
HITZAkide HITZAkide