Xumetasunean erakusteko lanak

Loiolan dagoen margo bakarrak Patxillardegi baserria erakusten du. (Argazkia: Mikel Goñi)

Okendo eta Loiola kultur etxeek Donostia Kulturaren ikastaroetako emaitzei tartea egin diete bere erakusketa aretoetan. Egutegiaren udako orriekin batera iritsi ohi dira ikasturte bukaerak; eta hauek eskutik helduta dakarte ikasitakoa agerian uzteko beharra. Azterketak, emanaldiak eta beste hamaika modu daude jakintza berriak frogatzeko. Besteak beste, Loiola eta Okendo kultur etxeetako arduradunek erakusketak aukeratu dituzte, bi kasuetan, ekainaren 22ra arte ikusi ahal izango direnak.

Daten bateratzea ez da kasualitatea, baizik eta erakusketa bera izatearen ondorioa. Izan ere, hainbat kultur etxek bere ikastaroen emaitza batera erakustea erabaki baitute. Loiola kultur etxeko arduradun Jon Urbietak azaldu du gaika banatutako bilduma dela. «Horrela, Okendon hemen egindako hainbat lan ikus daitezke eta alderantziz».

Okendoko areto zaharrean, margoak eta antzekoak daude, eta kultur etxea irekita dagoen bitartean bisita daiteke; hau da, astelehenetik larunbatera goiz eta arratsaldez.

Loiola kultur etxean, berriz, arratsaldez bakarrik ikus daitezke ikastaroetako emaitzak; ekainaren 25a arte arratsaldeko ordutegia besterik ez baitaukate. «Gu txikiak gara», arrazoitu du Urbietak. Loiolan ikusgai dagoen bilduma askotarikoa da. Bertan, egur tailak, marrazkiren bat edo beste, haurren eskulanak, zeramika produktuak, eta beste hainbat kontu daude. Denak, ordea, ez dira kultur etxe horretan eginak. Urbietak ñabardura egin du. «Aurten, batez ere, bestelako ikastaroak izan ditugu; fisikoak… bio-dantza eta antzeko gauzak jorratu ditugu gure ikastaroetan».

Hala ere, bertako marrazketa ikastaroan gauzatutako hainbat aurpegi eta gorputz daude balio anitzeko gelaren hormetan.

Kultur etxeetako eskulan eta artelan hauek xumeak dira, eta ez dute egile ezagunen sinadura. Hala eta guztiz ere, bisita merezi dute, ikasitakoa ikusteko ez ezik, irailean zein ikastarotan izena eman ere pentsatzen hasteko.

HITZAkide HITZAkide