Atotxako autobus geltokia eraikitzeko kontratua indarrean da berriz ere
Atotxan autobus geltokia egiteko eta ustiatzeko udalak Intermodal Donosti enpresarekin zuen kontratua etenda zegoen eta berriz ere indarrean jartzea erabaki du udal gobernuak gaur goizeko batzordean. Loiolako Erriberako kokapena atzera botatzea erabaki zuen udalbatzak maiatzaren 30ean; hori dela eta, “agindutako hitza bete” dutela eta “Intermodal Donosti aldi baterako enpresa elkarteari kontratua betetzeko agindu” diotela zehaztu du Ricardo Burutaran Hirigintza zinegotziak.
Aurrerantzean, udaleko Obra eta Proiektu zuzendaritzak egiteke dauden izapideen jarraipena egingo du. Izan ere, lanak hasi aurretik, Gipuzkoako Foru Aldundiak geltokiaren inguruko ingurumen azterketa aurkeztu behar du eta Adifek –Renfe trenbideetako kudeatzailea– eta Espainiako Gobernuko Sustapen ministerioak beharrezko baimenak eman behar dituzte.