Kepa Acero Surfilm Festibal jaialdian
Surflari algortarraren ibilbidea laburbiltzen duen ‘It’s not about the waves’ filma izango da bihar ikusgai Antzoki Zaharrean
Kepa Acero (Algorta, 1980) Donostian izan da gaur, Surfilm Festibal jaialdian. Bihar Antzoki Zaharrean bere ibilbidea laburbiltzen duen film laburra proiektatuko dute: It’s not about the waves.
Olatu gainera ia konturatu gabe igo zela aitortu du, etxean ikusitakoak behartuta-edo. Izan ere, surfari estuki lotuta bizi diren hiru anairen artean gazteena da Kepa. Hemezortzi urterekin Europako lehena izan zen junior kategorian. Profesional modura ariko zen munduan barrena. Txapelketen zurrunbiloan sartuta zegoenean inpresioa zuen mundu osoa ezagutzen zuela baina, era berean, ez nuela ezer ezagutzen zirkuituetara mugatuta mugitzen zelako, “ia hondartzetatik atera gabe”.
Bideo kamera eta suf taula batekin munduan zehar bakarrik bidaiatzen hasi zen 2010ean: “Nik mundua bakarrik ezagutzeko gogoa nuen. Bakarrik bidaiatu nuen. Namibiara joan nintzen. Eta esperientzia hura grabatzen hasi nintzen. Bideoak editatzen ikasi nuen. Bakarrik bidaiatzen duzunen esperientzia sakonagoa da. Ez dira grabazio profesionalak, baina oso errealak dira. Gehiago komunikatzen zara jendearekin eta bertako kulturarekin. Surfinga naturarekin harreman estua izateko modua da. Eta herriak eta kulturak ezagutzeko modu bat ere bada”.
Kontinente bakoitzean world class mailako olatu ezezagun bat aurkitu eta probatzea zen ideia. Bakarrik joan zen kamerarekin, lekuak eta herriak beren horretan ezagutzera.
Indonesiara abiatuko da igandean, abentura berri bila. Bost itsaso proiektuan murgilduko da. “Helburua ez da olatuak konkistatzea, eta horiek surfeatzen lehena izatea. Surfaren abenturazaletasuna berreskuratu nahi izan dut. Ederrena da leku horiek ezagutzea, bertako jendea ezagutzea, espazio horiek euren magia mantentzea; eta guzti hori jendearekin partekatzea”.