Caritasen laguntza eskatu dutenen kopurua %50 hazi da krisia hasi zenetik
Gipuzkoako Caritasek iazko laguntzen inguruko datuak aurkeztu eta egoera ekonomikoaren balorazioa egin du.
Elizbarrutiko Caritasek 2011ko memoria aurkeztu du, goizean. Agerraldian, Jose Ignacio Munilla gotzainak parte hartu du, Gipuzkoako Caritaseko zuzendari nagusi Alfonso Muro, idazkari nagusi Luis Emilio Lafuente eta elizbarrutiko ordezkari Joserra Treviñorekin batera. Parte hartuz, Caritasek elizarekin duen lotura nabarmendu nahi izan du Munillak. “Caritas ez da Gobernuz Kanpoko Erakundea; Eliza da, elkartasunaren eta karitatearen bidez ebanjelioa gauzatzen. Gotzainaren gogorarazi duenez, erakundearen fondoen %61 eliza komunitatetik jasotzen du, eta gainontzeko, %39 zati handi bat Gipuzkoako Aldundiarekin duen hitzarmenetik.
2011ko Caritasen jarduera ekonomikoa 8.576.165 eurokoa izan zen. Diru honetatik, 2.343.571 euro laguntza zuzenetan eman zituzten, 1.186.470 euro, Hirugarren Munduko proiektuetara bideratu zituzten, eta gainerakoa birgizarteratze programetako eta zentroetako laguntzara. Iaz, 24.619 lagunek jaso zuten giza laguntza , 2010ean baino 1.300 bat lagun gehiagok. Krisialdia hasi zenetik, 2007tik, %50 hazi da kopurua. Arduradunen ustez, honen arrazoia langabezia da. “Norberaren baliabideak eta familienak gutxitzen doaz. Orain arte familiek eman du sostengua, baina hori ere kolokan dago”, argitu zuen Treviñok. Hala, hipoteka ordaintzerik izan ez dutelako etxebizitza galdu ondoren laguntza eskatu dutenen kopurua hazi egin da.
Memoriak, ordea, datu baikorrak ere baditu. Izan ere, dohaintzak aurten ere hazi egin dira. Guztira, 2007tik 2011ra bitartean diru ekarpenak hirukoiztu egin direla zehaztu dute Caritaseko kideek. Era berean, boluntario kopurua ere handitu egin da, eta hauek, gero eta gazteagoak dira. Gipuzkoako Aldundiak gizarte gastua mantendu eta erakundearekin duen hitzarmenaren zenbatekoa bere horretan utzi izana ere nabarmendu dute. Horiei, gainera, ekimen zehatzetarako laguntzak gehitu dizkie Aldundiak.
“Krisialdia gogorra, zabala eta iraunkorra izanik, pobrezia ere gero eta gogorragoa, zabalagoa eta iraunkorragoa da”, zehaztu du Lafuentek. Honi aurre egiteko, “justizia eta berdintasuna printzipio etikotzat izango duen gizarte eredu berri bat behar da. Denen duintasuna eta giza eskubideak errespetatuko dituena eta lurreko ondasunak guztientzat erabilgarri jarriko dituena”, azaldu zuen Treviñok. Horregatik, Apaltasunez bizi, besteek bizitzeko aukera apala izan dezaten leloa aukeratu dute 2012ko Korpus egunerako.