Kaosa kudeatzean datza gakoa
Ekimenaren arrakasta ia ehun profesional eta ikasleren arteko harremanean kokatu zuen Nicolas Gonzalez arduradunak ariketa bukatzean. «Suhiltzaileek eta DYAkoek erakusten diete ikasleei. Horiek iritsi arte, hau anabasa zen, baina, profesionalak lanean hasi direnean, erizainak bere lana hobeto antolatzeko gai izan dira; kontua da kaosa kudeatzea».
Istripuaren biktimarenak egiteko makilatze gunetik pasatu behar zuten paper hori egokitu zitzaizkien erizainek. Erredurak, ebakiak, kolpeak… denetarik prestatu zuten ikastaroaren arduradunek. Sorospen lanetan arituko zirenek, berriz, txaleko horiak zeramatzaten soinean.
Bakoitza bere postura joan zenean, bat-batean, larrialdi zerbitzuetara egindako balizko deiak eman zion hasiera ariketari.
Horrelako egoeretan beharrezkoa den moduan, erizainarenak egiten ari zirenak zaurituen egoera begiratzen eta baloratzen hasi ziren. Etiketa gorria larrienei, horia pixka bat hobeto zeudenei… Gora-beherak izan ziren lehengo uneetan. Baina, gero, DYAren eta Donostiako suhiltzaileen sirenek sortutako zalapartaren ondoren, profesional hauen eta erizainen arteko elkarlanak larrialdia bideratu zuen. Hala ere, batzuentzat denbora hori luzeegia izan zen. Ainhoa Urruzono erizainak zaurituarena egin zuen. «Ni kotxe barruan nengoen. Hasieran oso ondo, zauri larria nuelako eta etiketa gorria jarri didatelako; hala ere, 15 minutu itxaron behar izan ditut… eta nire zauriarekin… bada… hil naiz!».
Akatsak akats, Gonzalez irakasleak ariketa ondo irten zela uste zuen. «Ondo egin diren gauzak izan dira, eta baita gaizki irten direnak ere; baina, gutxitan izango dira horren larrialdi handiak, eta kasu horietan profesionalen proportzioa handiagoa izango da». Lasaigarri gisa, atzo simulakroan ateratako bideo eta argazkiak gaur sakonki aztertuko dituztela aurreratu zuen.
Ariketa bukatuta erizainak alde egiten hasiak ziren, eta erizainen elkarteko argazkilariak ordena jarri, eta argazki bat ateratzeko multzo batean jartzeko agindu zien; azken batean, kaosa kudeatzean datza gakoa.



