PSE-EEk eta PPk udal gobernua kritikatu dute presoen inguruko film bat babestuko duelako
Udal gobernuak bost euskal presori buruzko dokumentala egiteko proiektua 9.000 euroz laguntzea onartuko du datorren asteko gobernu batzordean.
Bost istorio laburrez osatutako dokumentala da Barrutik begirako leihoak filma eta horietako istorio batean Mikel Albisu Antza antiguatarra da protagonista. Dokumentalean, era berean, Eneko Olasagasti zuzendari donostiarrak parte hartu du.
“Proiektuak gatazkaren beste alde bat ikusteko aukera emango digu eta ikuspegi eta egoera guztien azterketa sakona egiteak aberastu gaitzake”, adierazi du Axier Jaka zinegotziak. Diru laguntza horren bidez, “erakunde gisa beren ekarpena” egingo dutela erantsi du.
PP eta PSE-EEko ordezkariak, aldiz, ez dira udal gobernuaren iritzi berekoak. Diru laguntza emateko erabakia ez dela “zuzena” eta giza eskubideen berdintasun eta parekotasun arauak ez dituela errespetatzen salatu du Ernesto Gasco PSE-EEko bozeramaileak. “Alkatea borreroen alde egiten ari da eta ez biktimen alde”, dio. “Urtebetean terrorismo biktimen aldeko inongo omenaldietan ez du parte hartu”, leporatu dio Gascok Juan Karlos Izagirreri.
PP udal taldeko Ramon Gomezek, era berean, udal gobernuaren erabakiaren eta alkatearen jarreraren kontra egin du. “Udala eta hiria politizatzea helburu” dutela dio, eta, Gascoren ildotik, “terrorismo biktimen aldeko keinurik egin ez” duela aurpegiratu dio PPko bozeramaileak alkateari. “ETAko presoen inguruko film batetantzat 9.000 euro daude, haurtxokoak udan zabaltzeko, berriz, ez dago sosik”, esan du. “Zer da garrantzitsuagoa terroristak goraipatzea ala donostiarren ongizatea hobetzeko dirua bideratzea?”, galdetu du Ramon Gomezek.