Caritasen laguntza jaso dutenen kopurua %50 hazi da azken lau urtean
Caritasera laguntza eske joan ziren herritarren kopurua iaz ere hazi egin zen. 2011n, 24.619 lagunek jo zuten elizbarrutiko zerbitzuetara, 2010ean baino 1.300 pertsona gehiagok. Kopurua 2007 urtekoarekin alderatuz gero, krisialdiaren eragina nabaritzen hasi zenetik, %50 hazi da. Nahiz eta erabiltzaile gehienak etorkinak izan (%72), gero eta gehiago dira laguntza eskatzen duten bertako familiak (%21) eta norbanakoak (%7). Hala jaso dute erakundearen arduradunek ostiralean ezagutarazi zuten 2011ko memorian.
Bilakaeraren gakoa “krisialdia gogorra, zabala eta iraunkorra” dela zehaztu zuen Caritaseko idazkari nagusi Luis Emilio Lafuentek aurkezpenean. Egoera ekonomiko kaskarraren ondorioz jende asko lanik gabe gelditu da, eta hori luzatzean, “norberaren baliabideak eta familienak gutxitzen doaz. Orain arte familiek eman dute sostengua, babesa, baina hori ere kolokan dago”, argitu zuen elizbarrutiko ordezkari Joserra Treviñok. Hala, ingurukoek laguntzeko ezintasunak lagun ugari eraman du Caritasen atea jotzera. Elikagaiak, etxebizitza, lana, eta lege nahiz atzerritartasun kontuei buruzko aholkularitza izan dira eskaera nagusiak. Erakundearen iazko jarduera ekonomikoa 8.576.165 eurokoa izan zen. Diru honetatik, 2.343.571 euro laguntza zuzenetan eman zituzten; 1.186.470 euro, Hirugarren Munduko proiektuetara bideratu zituzten; eta gainerakoa, birgizarteratze programetako eta zentroetako laguntzara. Txostenak ez du parrokietan emandako laguntzaren kopururik zehazten; bai, ordea, hirian dauden hainbat zentroena. Aterpe, Eutsi, Betania, Lamorus eta Hotzaldi zerbitzuetan 569.872 euro erabili zituzten 800 pertsonari laguntzeko. Boluntario eta ekarpen gehiago Eskaera ez da gora egin duen bakarra. Azken urteetan bezala, dohaintza kopurua ere hazi egin da. Guztira, 2007tik 2011ra bitartean diru ekarpenak hirukoiztu egin dira. Era berean, boluntario kopurua ere handitu egin da, eta hauek, gero eta gazteagoak dira. Gipuzkoako Foru Aldundiak gizarte gastua mantendu eta erakundearekin duen hitzarmenaren zenbatekoa bere horretan utzi izana eskertu zuten Caritaseko arduradunek. Izan ere, fondoen %61 eliza komunitatetik jasotzen du Caritasek, eta gainontzeko%39aren zati handiena hitzarmen horren bidez.
Agerraldian, Jose Ignacio Munilla Donostiako gotzainak parte hartu zuen, Gipuzkoako Caritaseko zuzendari nagusi Alfonso Muro, idazkari nagusi Luis Emilio Lafuente eta elizbarrutiko ordezkari Joserra Treviñorekin batera. Bertan izanez, Munillak, Caritasek elizarekin duen lotura nabarmendu nahi izan zuen.


