Hiriaz eta Jazzaldiaz hiru egunez gozatzeko aukera, 111 eurotik aurrera

Bisitariak erakartzeko hotela eta kontzertu baterako sarrera eskaintzen duen produktua osatu dute

Uztailaren 20an, gauerdian, Viktoria Eugenian eskainiko duten kontzertura joateko gogoa dutenek 111 euroren truke kontzertura joan eta Monte Ulia hotelean bi gau igarotzeko aukera izango dute. Uztailaren 20koa ez da Donostia Turismok bere web atarian duen aukera bakarra; lau hotel eta beste hainbat kontzerturen artean aukera daiteke. Jazzaldiaz gozatu nahi duten kanpotarrek ez dute, orain, sarrerak eta hotelak bilatzeko burua nekatzen ibili beharrik. Donostia Turismok uztailaren 20tik 23ra hirian bi gau igaro eta Jazzaldiko kontzertu batez gozatzeko aukera eskaintzen duen produktua osatu baitu. Hotela eta sarrerekin batera, Donostia Turismoko web atarian erreserba egiten dutenek Jazzaldiko kamiseta, Erdialde eta Parte Zaharreko gune turistikoak ezagutzeko bisita gidatua eta San Telmo museora joateko sarrera izango dute bisitariek, gehiago ordaindu gabe. Jazzaldiak berez musikazale ugari erakartzeko gaitasuna badu, kultur eskaintza horrek eta udan turismoak duen indarra uztartu dute, oraindik emaitza hobeak lortzeko. Miguel Martin Jazzaldiko zuzendariak aditzera eman duenez, Jazzaldira hurbiltzen direnen artean %33-35 inguru dira bisitariak. Eskaintza horrekin, beraz, kopuru horrek gora egitea nahi dute. 200 ihesaldi Azken batean, hiriak dituen indar guneei ahalik eta etekinik handiena ateratzea da Donostia Turismoren erronka, eta erronka horri erantzuteko hainbat ihesaldi prestatu dituzte urtean zehar. Otsaila hasieran ekin zioten, San Valentin egunari lotura, asteburu erromantiko bat egiteko eskaintzak proposatzen. Pintxoak eta gastronomia eta kirola ardatz hartuta, era berean, beste zenbait ihesaldi eskaini dituzte. Hirian antolatzen diren kirol proba desberdinetan parte hartzeko aukera errazteko ihesaldiak arrakasta gehien izan dutenak izan direla jakinarazi dute Donostia Turismoko arduradunek. Otsailetik abiatuta, denera, 200 bat ihesaldi eskaini dituztela aditzera eman dute, halaber. Hirian antolatzen diren kultur jaialdi handien indarra baliatzeko asmoz, abuztuan, Musika Hamabostaldiari begira eta irailean eta urrian, Zinemaldiari eta Beldurrezko eta Fantasiazko Zine Asteari lotuta, ihesaldi gehiago prestatuko dituztela aurreratu dute. Bruce Springsteenek %114 handitu du bisitari kopurua turismo bulegoan Hotel eta tabernetako ordezkariak pozik ziren aurreko astean Bruce Springsteenen kontzertuak kanpoko musikazale ugari erakarri zuelako hirira. Hotel eta tabernetan eragindako susperraldia turismo bulegoko datuek berretsi dute; ekainaren lehenengo asteburuan bulegora jo zuten bisitari kopuruak aurreko urtekoa bikoiztu duelako. 2011ko ekaineko lehen larunbatean 600 lagun hurbildu baziren Bulebarreko egoitzara, ekainaren 2an, 1.211 izan ziren. Igandean, berriz, 141tik 378ra egin zuen turismo bulegora hurbildutakoen kopuruak salto. Orotara %114koa izan da urte baten eta bestearen arteko hazkundea. Igaro berri den asteburuko datuek ere iaz ekainaren 11 eta 12an jasotakoak hobetu dituzte. 2011ko ekaineko bigarren asteburuarekin alderatuta, %20 ingurukoa izan da igoera.

HITZAkide HITZAkide