Udal gobernuak ez du radar gehiago jartzeko aukera baztertzen
Semaforoa gorriz igarotzeagatik 401 izan dira hiru hilabetetan zenbatu dituzten arau hausteak
Martxoaren 15ean piztu zituzten semaforoa gorriz pasatzen duten autoak harrapatzeko radarrak eta hiru hilabeteotan 401 izan dira zenbatutako arau hausteak. Hasierako bi asteetan 118 izan ziren harrapatutako gidariak; maiatzeko azken bi asteetan, berriz, 28. Radarrek gidarien jokabide okerrak albo batera uzteko duten egitekoa «bikain» bete dutela azpimarratu dute udal gobernuako ordezkariek. Hori dela eta, ez dute horrelako radar gehiago hiriko beste gune batzuetan jartzeko aukera baztertzen.
Semaforoak errespetatzeko helburua duten radarrak Jose Elosegi hiribidean (La Asuncion Ikastetxearen parean) eta Zumalakarregi hiribidean (Ondarreta ondoan) daude. Martxoaren 15ean hasi ziren lanean eta lehenengo hamabost egunetan 118 izan ziren semaforoa gorriz igarotzen harrapatu zituzten gidariak. Maiatzaren 30 eta apirilaren 12 artean zirkulazioa araua bete ez zuten gidariak 106 izan ziren. Apirilaren azken hamabostaldian, 110, berriz.
Maiatzean izan zen beherakadarik nabarmenena. 15a bitartean, 39 gidari harrapatu zituzten radarrek eta maiatzaren 15etik 31ra 28 izan ziren. Hiru hilabetetan jasotako daturik baxuena.
Radarrak Jose Elosegi eta Zumalakarregi hiribidean jartzea erabaki zuten, gune horietan semaforoak gorriz «oso maiz» pasatzen zituztelako. Radarrek gidarien jarrera aldaketa eragin dutela aintzat hartuz, hiriko beste eremuren batean besteren bat jartzea aztertuko dute.


