Ohorezko B Mailara igotzeko bigarren aukera bat izango du Kale Lagunakek
Belar hockey taldeak ez du asteburuan helburua lortzerik izan, baina igoera fasean murgilduta jarraitzen du
Belar hockeyko Espainiako Lehen Mailatik Ohorezko B Mailara jauzia eman dezake Kale Lagunakek. Igoera fasean murgildua dago talde donostiarra, baina lehen aukeran huts egin du. Izan ere, joan den asteburuan, 3-1 galdu zuen Valles Deportivoren aurka, hala, igoera zuzenerako aukera galdu zuen. Egara 1935 eta CH San Fernando talde kataluniarrak izan ziren igoera lortu zutenak. Kale Lagunak eta Zaragoza, berriz, kolokan geratu dira, bigarren aukera bat izango baitute, geratzen den hirugarren postua betetzeko.
Ohorezko B Mailan, Atletico San Vicente eta Apostol Orense izan dira azken bi sailkatuak. Kale Lagunak Atletico San Vicenteren aurka lehiatu beharko da; Zaragoza, berriz, Apostol Orenseren aurka. Joaneko partidak igande honetan izango dira, eta itzulerakoak, ekainaren 24ean. Lau talde horietatik bi talde onenek elkarren aurka jokatu beharko dute, azkenean Ohorezko B Mailako postua nork lortuko duen erabakitzeko. Beraz, oraindik badu zer erakutsi Kale Lagunakek, aspalditik jarraitzen duen bere ametsa egia bihurtzeko bidean.
Kaleren omenez
Kale Lagunak sentimendu handiz sortutako taldea da. Zehazki, 2.000 urtean sortu zuten taldea, hil berria zen Aitor Natal gaztea omentzeko. Izan ere, Santo Tomas Lizeoko taldeak puntako maila zuenean, bertan jokatu zuen Natalek, eta omentzeko erarik onena, bere izena zuen taldea sortzea zela erabaki zuen. Kale ezizenarekin ezagutzen zuten gehienek Aitor Natal; eta hortik dator Kale Lagunak edo Kaleren Lagunak.
Belar hockeya bultzatu nahi du klubak, eta Santo Tomas Lizeoko taldeak harrobi moduan erabiltzen ditu, besteak beste. Hala, kirol arloko baloreekin batera, euskararen erabilera ere bultzatzen dute, besteak beste.


