EAJk ez du «inolaz ere» hirian zabortegirik zabaldu nahi

Hondakinak kudeatzeko plan berriak orain arteko adostasuna «hankaz gora» jarri nahi duela dio Eneko Goiak

Gipuzkoako Foru Aldundiak hondakinak kudeatzeko aurkeztutako plana kritikatu du EAJk. Eneko Goia udal taldeko bozeramaileak nabarmendu duenez, «inolaz ere» ez dute hirian beste zabortegirik irekitzea onartuko, ezta zaborra botatzeko harrobirik baliatzerik ere. Aldundiari zabortegirik ez zabaltzeko eskaera egiteko erakunde adierazpen bat aurkeztuko dute hurrengo osoko bilkuran.

Eneko Goiaren ustez, foru gobernuak egindako proposamenak orain arteko adostasuna «hankaz gora» jarri nahi du. «Proposamenak azpiegitura batzuk bertan behera utzi nahi ditu eta beste berri batzuk ireki», dio. «Non jarri nahi dituzten, ordea, ez dute inongo zehaztasunik eman», erantsi du.

Aurreko hondakin plana, hain justu, San Markos ixteko onartu zela adierazi du Iñaki Gurrutxaga zinegotzi jeltzaleak. «Ixteko egin zen ahalegin handiaren ondoren, ez dugu berririk irekitzea onartuko», esan du zinegotzi jeltzaleak. Usteltzen ez eta usainik ez duten hondakinentzat –altzariak, obretako arrastoak…– zabortegi bat dago Basozabalerako bidean: Aizmendi. Añorgan, Loiolako araztegiaren ondoan edota Martutenen utzitako harrobiak daudela aletu du Gurrutxagak eta horiek zabortegi gisa erabiltzerik ez dutela nahi argitu du.

Orain arte adostutako sistema bertan behera uzteak, era berean, bestelako ondorioak izan ditzakeela gogora ekarri du Goiak. Izan ere, Zubietan errauste planta egiteko dirua jaso du udalak. «Zer gertatuko da konpromiso horiekin? Jasotako dirua bueltatu beharko al da?», galdetu du bozeramaile jeltzaleak. Zalantza horiei erantzuteko alkatearen agerraldia eskatuko dute.

Udal gobernuko kideak, Donostiako Udalaren izenean, atez atekoaren aldeko agerraldi batean parte hartzea salatu du Eneko Goiak, era berean. Udalbatzaren gehiengoak behin eta berriz atez atekoaren kontra egin duela zehaztu du eta atez atekoaren alde ez egiteko luketela hiriaren izena baliatu behar zehaztu du. Hori dela eta, azalpenak eskatuko dizkiote udal gobernuari.

Zubietan, sinadura bilketa

EAJko ordezkariek, era berean, Zubietan atez atekoa ezartzeko Herri Batzarrak abiarazi duen sinadura bilketa kritikatu dute. Jeltzaleek ez dute uste «ustekabeko ekimena» denik, «atez ateko sistema ezatzeko beharra sortzeko bidea baizik». Estrategia bateratua osatu behar dela eta hiriko bazter bakoitzean bilketa sistema desberdin bat ezin dela bultzatu aditzera eman du Goiak.

Alde batetik zein bestetik, «gehiengoaren nahia errespetatu gabe», ezker abertzaleak «bururik eta hankarik ez» duen estrategia bat «inposatu» nahi dutela adierazi du bozeramaile jeltzaleak.

HITZAkide HITZAkide