PPk enpresa berrien alokairua ordaintzeko laguntzak proposatu ditu
Jarduera baimena eskuratzeko tasa ordaintzeko, beherapenak ezartzeko eskaera egin dute
Enpresa berri bat sortzeko lanean ari diren ekintzaileak laguntzeko hainbat proposamen aurkeztuko ditu PPk. Alde batetik, enpresa edo jarduera ekonomiko bat abian jartzea errazagoa izan dadin, jarduera baimena eskuratzeko tasan beherapenak ezar daitezkeela proposatu du PPko zinegotzi Jose Luis Arruek. Bestetik, hasiberri diren enpresei alokairua ordaintzen lagun dakiekeela zehaztu du. Hirian biziberritze premian diren kale edo ingururen batean lantokiren bat zabaltzen duenari lehen urteko alokairua ordaintzeko diru laguntzak ezar daitezkeela azaldu du.
Irunen neurriok ezarri dituztela eta harrera ona izaten ari direla jakinarazi du PPko zinegotziak. Ideia horiek, era berean, Donostia Sustapeneko administrazio kontseiluan aurkeztu dituzte eta elkarteko zuzendariak eta Sustapen zinegotziak begi onez hartu dituztela jakinarazi du Arruek.

