Dantzaria eta giza gorputza, protagonista
‘El arte de la danza’ ikuskizuna eskainiko du Victor Ullate konpainiak Viktoria Eugenia Antzokian
Dantzaria eta giza gorputza dira Victor Ullate konpainiaren azken koreografiaren abiapuntua. Dantza, estilo klasikoa baino askoz gehiago dela erakutsiko dute. Izan ere, dantzari batek bere ibilbidean interpretatu ditzakeen estiloak jaso dituzte El arte de la danza ikuskizunean: Kaleko dantzaren indarra eta energia; dantza espainiarren pasioa; dantza latinoen sentsualitatea eta plastizitatea… Dantzaren estilo anitzak jasoko dituzte. Dantzariaren garrantzia nabarmenduko dute, bera gabe ez bailitzateke dantzarik egongo. Aldi berean, giza gorputza ere izango da protagonista. Ekainaren 15ean eta 16an, 20:00etan emanaldi bana eskainiko du Victor Ullateren konpainiak, Viktoria Eugenian. Sarrerak 22, 16 eta 10 eurotan daude salgai.


