Errealitatea poesiaren bidez erakutsi nahi dute, saio berezien laguntzaz
Pentsamenduaren poesia egingo dute bosgarren urtez, hainbat poeta ezagunen partaidetzarekin
Pentsamenduaren Poesia jardunaldiek bost urte beteko dituzte aurten. Pello Otxoteko, Aritz Gorrotxategi, Felipe Juaristi eta Juan Ramon Makuso poetak izan dira egitasmoaren bultzatzaileak. Aurten ere, manifestu bat prestatu dute: Poesia iluntasuna arakatzeko zentzumen. Azken batean, gaur egungo egoerara, errealitatera, beste modu batera hurbiltzeko proposamena egin nahi dute.
Bihar, osteguna, errezitaldi musikatua eskainiko dute, euskaraz eta gazteleraz, bost poetek: Edorta Jimenez, Hasier Larretxea, Jose Luis Padron, Itziar Minguez eta Olvido Garcia Valdes. Ondoan, Iñaki Alberro biolontxelo jotzailea izango dute lagun. Viktoria Eugenian izango da ikuskizuna, 19:30ean, eta sarrera doakoa izango da; hala ere, aldez aurretik gonbidapenak jaso behar dira Viktoria Eugeniako leihatilan.
Olvido Garcesen bisita
Olvido Garcia Valdes poeta asturiarrak bere poesiagintzari buruz hitz egingo du ostiralean, Juan Ramon Makuso errenteria-oreretako poetaren laguntzarekin. Olvido Garcia Valdesek Espainiako Poesia Saria irabazi zuen 2007an, Y todos estabamos vivos liburuarekin. Aurten liburu berria kaleratu du: Lo solo del animal. Parte Zaharreko Liburutegi Nagusian izango da hitzaldia, eta Garcia Valdesek azken liburuko aleak sinatuko ditu. Liburutegi Nagusiko ekitaldi aretoan izango da saioa, eta San Jeronimo kaletik izango du sarrera. Sarrera doakoa izango da, 19:30ean, eta eserlekuak bete arte sartzea egongo da.

