Larrotxeneko ikastaroetan egindako film laburrak erakutsiko dituzte
XXIV. Bideoaldiaren barnean, ikasleek osatutako 15 lan proiektatuko dituzte Intxaurrondon
XXIV. Bideoaldia iristear da. Larrotxene kultur etxea ikus-entzunezkoetan berezitua dago, eta urtero ikastaroak eskaintzen ditu donostiarrentzat. Gaztetxoek, helduek zein adinekoek parte hartzen dute ikastaroetan, eta irakasle profesionalen eskolak jasotzen dituzte, Izebene Oñederra eta Mitxel Gaztanbide, besteak beste. Atzegiko zenbait kidek ere ikastaro bat egin dute, bigarren urtez jarraian. Ikastaro teoriko eta praktikoak izaten dira, eta ikasleek ikasitakoa praktikan jartzen dute, film laburrak osatuz. Orain, Bideoaldian, film horiek guztiak ikusteko aukera izango du nahi duen guztiak. Emanaldiak ekainaren 14ean eta 15ean izango dira, Larrotxene eta Intxaurrondo kultur etxeetan, hurrenez hurren.
Ekimenaren aurkezpenean ziurtatu zutenez, barre egiteko filmak, dramak zein thrillerak osatu dituzte ikasleek. Guztira, 15 lan proiektatuko dituzte, horietatik 11 ikastaroetan egindakoak dira, eta gainontzeko lauak, koprodukzioak. Ekimenaren berri emateko, Agurtzane Aizpurua Larrotxeneko zuzendariak aipatu zuenez, helburu bikoitza izaten duten ikastaroek, Izan ere, ikasleen hezkuntza eta sorkuntza bultzatu nahi dute, baina elkarlanari ere garrantzia handia ematen diote. Azken batean, Larrotxenek eskaintzen dituen ikastaroak, egile ikastaroak izaten dira, beraz, ikasleek gaietan ongi sakontzeko aukera izaten dute.
Koprodukzioei dagokienez, osatutako lautik hiru Moriarti ekoiztetxearen laguntzarekin egin dituzte. Jorge Gil, lehen mailako gidoigintza irakaslea da, baina aldi berean, Moriartiko kidea ere bada. «Esperientziarik gabeko ikasleak izaten ditut, eta niretzako oso esperientzia polita izaten da», aipatu zuen Gilek. Filmek kalitatea dutela ziurtatua dago; Zauriak filmak, esaterako, fikziozko bigarren lanik onenaren saria jaso zuen Lekeitioko zine bileran.
Etorkizuneko ikasleak
Bideoaldiaren bidez, euren lanak erakus ditzakete ikasleek, eta ikusleak, berriz, datorren urteko ikastaroetako partaideak izan daitezke. Izan ere, emanaldietarako sarrera doakoa izango da, eta ikasle berriak erakartzeko balio izan dezaketela uste dute arduradunek.


