Abiadura Handiko Trenaren ibilbideak Martuteneko hainbat lursail kaltetuko ditu, udalarenak barne

AHTaren aurkako mugimenduko kideek elkarretaratzea egin zuten udaletxea aurrean. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Martuteneko hainbat bizilagunek atzo eta gaur udalera joateko deia jaso dute, Espainiako Sustapen Ministerioaren bidez. Zehazki, euren lurren desjabetza onartzeko sinatzera deituak daude auzotarrak, baita udala bera ere. Izan ere, Abiadura Handiko Trenaren (AHT) ibilbideak Martuteneko hainbat lursail kaltetuko ditu, eta tartean udalaren jabetzak daude.
Udalak lursail publiko horien desjabetze agiriak udaletxean sinatzeari uko egin dioela jakinarazi du. Hala, ministerioko ordezkariei sinadura horiek lur kaltetuetan bertan egiteko eskaera egin die, horretarako eskubidea baitu edozein kaltetuk. Gainera, udalak Espaniako gobernu ordezkaritzari eskatu dio AHTaren ibilbidearen inguruko informazio zehatza emateko. Izan ere, duela gutxi ibilbidean aldaketak egin ziren, eta udalak dio planoak ez direla argiak eta ez duela aldaketa horien berri argirik jaso.
Udaletxe aurrean, protesta
AHTaren aurkako Donostiako mugimenduak, Martuteneko bizilagunekin bat egin nahi izan zuen atzokoan, euren egoera salatuz. Hala, udaletxe aurrean elkarretatzea egin zuten 20 bat lagunek, goizean goiz. «Denak gara kaltetuak!»; «Urumean, porlan gehiago ez!»; «Baserri lurrak bai, AHTrik ez!»; «AHT gelditzeko, borroka dezagun», eta antzeko leloekin egin zuten protesta bertaratutakoek. Guztira, 150.000 metro koadro desjabetu nahi ditu ministerioak, AHTaren aurkako mugimenduaren arabera.
«Abiadura Handiko Trenaren aurkako jarrera adierazteko eta nahitaezko lurjabetzak salatzeko elkartu gara», adierazi zion AHTaren aurkako mugimenduko Mikel Alvarezek Irutxuloko Hitzari: «Martutenen zehazki, behin behineko proiektua atera dute, eta orain arte kaltetuak izan ez diren baserriak kaltetuak daude». Alvarezen hitzetan, gainera, asko izango dira Martuteneko bizilagun kaltetuak: «Behin behineko fase horrek jende dezente kaltetuko du, zerrenda ikustea besterik ez dago. Bizilagunak nahiko etsituta daudela esango nuke», gehitu zuen. Adibide garbi bat jartzeko, Goiatz-Berri baserria aipatu zuen Alvarezek. «Goiatz-Berri baserriaren kasua aipagarria da, 20 urtetan egindako plangintzetan ez da kaltetua izan, eta orain bota egingo dute. Urumean gertatutako sarraskiaren adibide garbia dela esango nuke. Urumeako bigarren ingurabidea egiteko lur pila kendu zizkieten, eta negutegiak galdu zituzten; eta orain AHTa gainera etorri zaie».
Onena, Martuteneko kaltetuek agiriak euren lurretan bertan sinatzea dela uste du AHTaren aurkako mugimenduak. Hala, zehazki zein lur kendu nahi dizkieten jakin dezaten, udalak eskatu duen moduan: «Prozedura luzatzea dakarren eskubide bat da».