«Reala sendo dabil azken boladan, konfiantzarekin, eta ni baikorra naiz finalari begira»
Realeko ordezkari gisa dabil Xabi Prieto (Erdialdea, 1983). Larunbatean, 2021ean lorturikoa errepikatzea desio du. Hau da, Realak Espainiako Kopa irabaztea. Gainera, leku berean, Sevillan. Han izango da, noski.
Xabi Prieto, Realaren retro kamisetarekin.Reala Larunbatean, Realak aukera du bere historiako bosgarren kopa irabazteko, gizonezkoen hiruak eta emakumezkoena kontuan hartuta. 1983koa izanik, haurra zinen 1987an. Gogoan duzu kopa hura?
Egia esan, ez. Hiru urte nituen lau egiteko, eta familiak final hura bizi izan zuen arren, ez dut oroitzapenik. Aitak kontatu izan dit final hartan gertaturikoa, eta, noski, bideoak eta laburpenak ikusi ditut. Batez ere, Lopez Ufarteren eta Txiki Begiristainen golak, eta Arkonadaren geldiketa erabakigarria.
Presenteago izango dituzu 2019an neskek Granadan eta 2021ean mutilek Sevillan irabazitakoak. Nola bizi eta ospatu zenituen?
Neskena etxean ikusi eta ospatu genuen. Gonzalo Arkonada zen orduko taldearen entrenatzailea, eta ni ere haren aginduetara aritu nintzen. Atletico Madril zen faborito argia, baina Realak lortu zuen irabaztea. Mutilena, berriz, bertatik bertara bizitzeko aukera izan nuen. Polita, berezia, desberdina eta arraroa izan zen. Tamalez, zalerik gabe jokatu zen, baina irabaztea lortu genuen.
Maiz egin dizuten galdera izango da. Koparik irabazi gabe erretiratu ziren 2018an. Arantza moduko bat da zure taldekide batzuek 2021ean eskuratutakoa?
Ez. Jokalariek nahi dute koparen bat edo tituluren bat irabazi. Baita nik ere, noski. Halere, pozik nago egin nuen kirol ibilbidearekin, eta pozik nago 2021eko kopa hura beste era batera ospatzeko aukera izan nuelako. Asko gozatu nuen, eta larunbatekoa ere modu berean gozatzea espero dut.

Xabi Prieto eta Milinko Pantic —Atletico Madrileko jokalari ohia—, Madrilen egin zen finalerdien zozketan.
Aurtengo kopak iragan urrun eta hurbilera garamatza, ezinbestean. Has gaitezen finalerdietatik. Zu zeu izan zinen finalerdietako zozketan, eta une zehatzean jakin zenuen arerioa. Zer pentsatu zenuen Athletic izango zela konturatu zinenean?
Egia esan, poztu egin nintzen. Zozketa aurretik jendeari galdezka aritu nintzen ea zein arerio nahiago genuen, eta gehienek gauza bera esan zidaten; Bartzelona ez izatea. Athletic zela jakitean, finalerdietan euskal derbi bat jokatzea polita izan zitekeela iruditu zitzaidan. Arerio ona zen guretzako, eta bi partida oso on egin genituen. Batez ere, San Mameseko joanekoa.
1987ko kopan Athletic izan zuen Realak arerio finalerdietan, eta orduan ere kanporatu egin zuen. Kasualitatea edo paralelismo bitxia?
Larunbatean argituko da hori [barrez]. Sinatuko nuke historia errepikatzea, eta penaltietan irabaztea kopa. Hori bai, sufrituta izango litzateke, eta badakit hori ez dela atsegina. Ziurrenik kasualitatea izango da, baina laster jakingo dugu.
Noski, ez da paralelismo bakarra, finaleko arerioa orduko berbera delako: Atletico Madril. Gainera, hirugarren finala jokatuko du Realak haien kontra, gizonezkoenak eta emakumezkoenak kontuan hartuta. Biak irabazi zituen Realak, eta hirugarrena?
Esaerak dio behin bi ezkero, hirugarrena ia seguru dela [barrez]. Egia esan, Atletico Madrilek talde oso indartsua dauka, maila handiko jokalariekin, eta, oraindik, Txapeldunen Liga jokatzen ari dira. Aurkari oso zaila izango da. Reala, berriz, sendo dabil azken boladan, konfiantzarekin, eta ni baikorra naiz finalari begira.
«2021an kopa irabaztea ikaragarria izan zen, baina politena falta zen: zaletuekin, familiekin eta lagunekin han bertan bizitzeko aukera izatea»
Final horietan gertatu moduan, Atletico Madril zen irabazteko hautagai nagusia. Baita aurtengo finala ere. Hori ona da jokalarientzat, presioa gutxitzeko?
Baliteke. Atletico Madrilek presio gehiago dauka, batez ere, faboritoa delako. Horrek ez du esan nahi Realak presiorik sentitzen ez duenik. Argi dudana da prest daudela, eta lehiatzeko gaitasuna dutela. Gero denetarik gerta daiteke. Txartel gorri batek edo penalti batek neurketa baldintzatu dezake. Horrek malda gora jarriko luke finala. Bestela, ez dut uste Atletico Madril horren faboritoa denik, Reala oso ondo ikusten dudalako. Haien kontra jokaturiko bi partidetan, taldeak maila ona eman zuen. Batez ere, Pellegrino Matarazzo entrenatzaile berriaren debutean [bana egin zuten neurketa hartan]. Beraz, Reala gai da Atletico Madril menderatzeko.
Irabazteko, berriz, zer egin behar du Realak, gol bat gehiago sartzeaz harago?
Azken partidatan gol dezente jaso ditu taldeak, eta hori saihestea izan daiteke gakoetako bat. Talde alaia da Reala, golak erraz egiten dituzte, baina defentsan asko ari dira sufritzen, eta gol asko jasotzen. Defentsako lana sendoa izaten bada, erasoan kalitatea du taldeak gol egin eta finala irabazteko.
Aurreratu duzun moduan, Sevillan izango zara. Oso bestelakoa izango da, batez ere, zale txuri-urdin asko izango direlako La Cartuja futbol zelaian. Gogotsu zaude eguna iristeko?
Oso gogotsu, egia esan. 2021an kopa irabaztea ikaragarria izan zen, baina politena falta zen: zaletuekin, familiekin eta lagunekin han bertan bizitzeko aukera izatea. Duela bost urtekoa errepikatzea gustatuko litzaidake, baina aipaturiko konpainiarekin. Haien aurpegi alaiak ikusi nahi nituzke, denok merezi dugulako modu horretan ospatzea.
Larunbateko emaitza esatera ausartzen zara?
1-2, aukeran, penaltietara iristeko beharrik gabe.


