Euskal baleazaleen irudi mordo bat bildu du Jose Mari Unsainek
Erdi Arotik orain arteko bale ehizaren historia jaso du liburu batean Ontzi Museoko zuzendarikideak
«Ontzi Museoak lan asko egiten du, baina talde txikia gara», nabarmendu zuen Soco Romanok, Ontzi Museoko zuzendarikideak. Hala, oraingoan ere lan oparoa osatu dutela argi utzi zuten atzoko aurkezpenean. Izan ere, Romanorekin batera, Jose Maria Unsain (Gros, 1951) da Ontzi Museoa zuzentzeaz arduratzen dena, eta Euskal baleazaleen historia liburu mardul batean bildu du: Euskal baleazaleak. Berebiziko historia baten irudiak eta aztarnak. Lan sakona egin du Unsainek, Erdi Arotik egungo garaietara Euskal Herrian egindako bale ehizaren historia bilduz, hainbat eta hainbat irudiren laguntzarekin, 175 orritan. «Hasieran proiektu oso txikia zen, eta liburuxka bat egitea zen gure ideia; baina irudien ikerketan hutsune handia zegoela ikusi genuenean, hori lantzen hasi ginen, oraingo emaitza lortu arte» adierazi zuen Unsainek harro.
Urtea bukatu arte, Baleazaleak erakusketa bisitatu daiteke Kaiko museoan, eta horren harira hasi zen Unsain informazioa biltzen, erakusketa osatze aldera. Urte eta erdiko ikerketa lanean ordea, irudi mordoa bildu du, munduko 40 elkarte pribatu zein publiko baino gehiagok utzita, eta liburu potoloa osatzeko gai izan da. Guztira, 279 irudi kontsulta daitezke liburuan, horietako asko museo garrantzitsuek emandakoak: Archives Nationales de France, Barthelmess Whaling Collection (Kolonia), Bibliotheque Municipale d’ Amiens, Bibliotheque National de France (Paris), The British Library (London)… Unsainek berak ere, ordea, elkarteek, tabernek, udalek zein herritarrek beraiek utzitako lanak ere berreskuratu ditu. Gainera, Unsain bildumazalea denez, azken 20 urteetan bale ehizaren inguruan bilduta zituen hainbat irudi ere gehitu dizkio bere lanari.
Hala, hainbat garaitan marrazkilari, margolari, eskultore, diseinatzaile grafiko, argazkilari eta artisauek egindako irudiak jasotzen ditu liburuak. Guztiak era kronologikoan jarri dituzte, bakoitzak ondoan bere azalpena duelarik.
Baleazaleen garrantzia
Unsainek berak ikerketa lanaren bidez jakin du, zein garai izan ziren bale ehizaren puntakoak: «Garai oparoa izan zen euskaldunentzat XVI. mendea, merkaturatzea iritsi baitzen; bale olioak balio handia izaten zuen», aipatu zuen Unsainek. Gainera, Euskal Herriko historian, garrantzia izan duten datuak direla esan zuen Unsainek, eta lortutako material grafiko guztia horren lekuko dela.
Guztira, zazpi ataletan banatua dago lana. Tartean, ez da falta noski, 1901ean Orion arrantzatu zuten balearen kontakizuna. Horixe izan zen era tradizionalean Euskal Herrian arrantzatu zuten azken balea. Horren omenez, Orioko udaletxean beirate bat dute.
Argitalpena
- Zer. Euskal baleazaleak; berebiziko historia baten irudiak eta aztarnak liburua.
- Egilea. Jose Maria Unsain.
- Orrialde kopurua. 175.
- Prezioa. 20 euro.
- Liburuaren atalak. 1. Erdi Aroko lainoak. 2. Balea arrantzaren garapena eta goren aldia XVI. mendean. 3. Red Bay, ondare materialaren gordetegi nagusia. 4. XVII. mendea. Nazioarteko lehia gogorra. 5. XVIII. mendea. Gainbehera eta indarberritzko azken ahaleginak. 6. XIX. mendea. Iraganaren errainuak. 7. XX. eta XXI. mendeak. Oroimenari eta imaginarioari eraginez.



