«Hunkituta gaude finala bizitzeko aukerarekin»
Gipuzkoako Aspaceren boluntario taldeak garun paralisidun pertsonen eta familien eskubideak defendatzen, gizartea sentsibilizatzen eta partaidetza soziala sustatzen ditu. Futbolzaleak eta realzaleak ere badira Aspacen, eta boluntario pare batek bidaia antolatu du Sevillara, haiek ere finalaz goza dezaten.
Borja Ruiz (goian, ezkerrean), Oihan Urbano (goian, eskuinean), Mario Rodriguez (behean, ezkerrean) eta Mikel Herguedas (behean, eskuinean).Aspaceko boluntarioak Sevillara zoazte garun paralisia duten bi realzalerekin. Zuentzat erronka polita dela diozue, zergatik?
Oihan Urbano (O.U.): Erronka handia da edonorentzat horrelako bidai bat antolatzea. Baina ingurua zure baldintzetara egokitua ez dagoenean, are zailagoa egiten da. Askotan baimena eskatu behar dugula ematen du, fabore bat egiten digutela. Sarrerak erosterakoan, garraiobideak antolatzerakoan, ostatua bilatzerakoan… oztopo asko izaten ditugu. Baina erronka horren aurrean bi aukera ditugu: gure ametsari uko egin edo aurrera egin. Pellegrino Matarazzo Realeko entrenatzaileak dioen moduan, poliki-poliki baina aurrera beti!
Nolatan erabaki zenuten halako bidaia egitea?
Mario Rodriguez (M.R.): Azken urratsa delako helburu nagusirako: kopa irabaztea. Hona iritsi aurretik, final-zortzirenetatik aurrera egin zuen taldeak, eta Mendizorrotzako final-laurdenetan eta San Mameseko finalerdien joanekoan izan nintzen. Athletici gainditu ondoren, azken pausoa falta da. Lagunartean finala ikusiko dugu, eta asko animatuko dugu taldea.
Mikel Herguedas (M.H.): Sevilla ezagutuko dugu, oraindik ez naizelako han izan. Pandemia garaiko finalerako sarrera lortu nuen, baina bertan behera geratu zen. Reala finalera iristea ikaragarria da, eta Sevillan egotearekin tematu naiz, familiari behin eta berriz esanez joan nahi nuela.
Eta nola egin duzue posible bertaraino joan ahal izatea?
M.H.: Ilusio handia genuen final hau ikusi ahal izateko eta bidai hau egitea posible izan da Aspaceri esker, furgoneta eskura jarri digulako, eta boluntarioak prest azaldu direlako gurekin batera etortzeko. Furgonetan joateari esker, posible dugu aulki elektronikoarekin bertara joan eta era autonomoagoan Sevilla ezagutzeko aukera izatea.
M.R.: Eskerrak eman nahi dizkiegu Aspaceko arduradunei aukera hau posible egiteagatik eta baita gure ASPACEko kideei ere, furgoneta Sevillara eramatean beraiek egun hauetan furgoneta erabiltzeko aukera gabe geratzeko prest azaldu baitira. Mila esker!
Bi egun lehenago atera zarete, zer dela eta?
M.R.: Gu aulki elektronikoetan mugitzen gara. Guretzako erosoagoa da gure garraio propioa erabili ahal izatea. Hegazkinean edo autobusean joan gintezke, baina gure kasuan traba asko izango genituzke garraiobide horietan bidaiatzeko modu egokitua lortu ahal izatea, eta lortzekotan ere garestia izango litzateke. Bi egun lehenago joatean ere, egun bat izan dezakegu Sevilla inguruak ezagutu eta bidaiaz gozatzeko.
Sarrerak lortzeko moldatu zarete?
M.H.: Hasiera batean bazkideak bakarrik joan ahal ziren. Ez gara bazkide asko Aspacen gaudenak. Horietatik gu biok Aspaceko furgonetan joango gara eta beste kide bat bere familiarekin joango da ibilgailu partikularrean.
Sarrerak lortzea bereziki zaila izan da edonorentzat. Baina mugikortasun mugatua dugunok ez dugu jakin azken momentura arte non kokatuko ginen ere. Atzo jaso genuen gure kokapenaren berri, hasieratik bagenekien ere sarrera izango genuela. Ez da gure kontua bakarrik, gurekin datozenek ere euren sarrerak hartu behar zituzten gugandik gertu, ostatua, garraioa… Realaren ahalegina eskertzen dugu, baina agian gauzak hobeto egin daitezke, batez ere, Espainiako Futbol Federazioaren partetik.
Horrelako finalak eta kirol ekitaldiak inklusiboak dira?
M.R.: Ez. Traba asko jartzen dizkigute, arazoa gu izango bagina bezala. Inklusiboa izateko denok aukera berdinak izan beharko genituzke. Gu ere gainerako bazkideak bezala tratuak izatea nahiko genuke. Ez genuke beste era batera tratatuak izan nahi, baina hala egiten du klubak gurekin. Batez ere, kirol eremuak ez daudelako hiritar guztiok erabiltzeko moduan prestatuta. Borondatea izanda posible litzateke inklusiorako bidea egitea, baina petatxuak jartzea ez da inklusioa.
Finalaren atarikoa, partida bera eta ostekoa nola bizitzeko asmoa duzue?
Lauak: Modu sutsuan. Hunkituta gaude finala bizitzeko aukerarekin. Bandera gainean daramagu. Sevillan Aspaceko kide gehiagorekin topo egitea espero dugu. Ez dakigu Realarekin zenbat final gehiago bizi ahal izango ditugun… baina hurrengoa izan dadila Txapeldunen Ligakoa! Gu ere Reala gara! Gora Reala!
Gure kontakizuna jarraitu nahi baduzue, gure Instagram kontuan ahal izango duzue.



