Herrera, Luisitoren eta Luisitaren zain
Bihar hasiko dira San Luis jaiak; Barricada taldearen doinuek girotuko dute festetako lehen gaua
Herrerako jaietako protagonista diren Luisito eta Luisita bihar iritsiko dira auzora, eta bertan igaroko dituzte zortzi egun, San Joan bezperako suaren ondoren, datorren urtera arte alde egingo dutelako. Bien bitartean, Barricada musika taldearen emanaldia eta beste hamarnaka ekitaldi izango dira.
Biharko 19:00etako txupinazoak festak abiaraziko dituen arren, Luisitok eta Luisitak 23:00etan irakurriko dute pregoia, Altzako txalapartarien laguntzaz. Kontzertuak 22:00etan hasiko dira, Blaka eta La Pop’lla izango dira lehenak. Barricada taldearen kontzertua 23:30 hasiko da.
Herrerako jaietan ohikoak diren ekitaldi gehienak mantendu dituzte aurten, eta ugariak izango dira musika, kirol eta gastronomia ekitaldiak. Adin guztietako jendearengan pentsatuta, umeen eta gazteen egunak antolatu dituzte; hurrenez hurren, larunbat honetan eta datorren ostiralean, hilaren 22an. Txikienen programan ez dira faltako apar festa eta kart kotxeak. Helduenentzako ere ekimenak prestatu dituzte; hauek, berriz, San Luis egunean izango dira, ekainaren 21ean. Besteak beste, erretiratuentzako hamaiketakoa prestatu dute Euskal Giroa elkartean.

