Jai giroz beteko dute bihar Indianoene kalea
Kortxoeneako gaztetxeko kideek bizilagunekin batera ospatuko dituzte, bihar, Indianoene kaleko jaiak. Hauek duela 50 urte Ulia mendiaren oinean dagoen kaleko bizilagunek antolatu ohi zituzten, Santiago egunari lotuta. 2011n, galdutako ohitura berreskuratzeko jai egitaraua osatu zuten Kortxoeneak eta bizilagunek. Ekimen jendetsua izan zenez, jarraipena emango diote. Jai giroa pizteko, umeentzako jolasak egingo dituzte, 17:30ean; eta jarraian, txokolate jatea. Helduek merienda trukea egingo dute bizilagunekin, 19:00etan. Horrez gain, musika eta argazki erakusketa izango da arratsalde osoan.


